«Ekonomia sozial eraldatzaileak eskaintzen dituen tresnak hurbildu nahi dizkiegu migratutako pertsonei»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Atzo hasi ziren jardunaldiak. Argazkia: Idoia Telleria Marichalar.

'Ertzeko bizitzak eraldatzeko ekintza kooperatiboa' jardunaldiko bigarren saioa egingo dute gaur KPFn. Antolatzaileetako bat da Tania Cañas, Enarak Kooperatibako kidea, eta bertaratzeko gonbita luzatu die herritarrei.

Zer dela eta antolatu dituzue jardunaldiak? Zer landu nahi duzue?

Antolatzaileoi interesatzen zaiguna da gizarte-ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibaren lanabesak hurbiltzea migratutako pertsonei eta, bereziki, emakume migratuei. Koopfabrika Hegoaldetik taldetik hausnarketa prozesu bat egin genuen, eta ikusi genuen tresna horiek pertsona zurientzat izan direla tradizionalki. Horregatik, beren bizitzak duintzeko premia haundia duten pertsonengana hurbiltzea planteatzen dugu. Tresna tekniko horiek ematea da asmoa, baina jarrera antiarrazista eta feministatik, gizarte-ekonomiaren ikuspegitik.

Zer aldatu behar da 
kooperatibismo tradizionala ertzetara iristeko?

Euskal kooperatibismo tradizionalaren tresna asko mantendu eta berreskuratu ditzakegu, baina kontuan izan behar dugu garaiak aldatuz doazela, eta eboluzionatu egin behar dela. Pertsona batzuek ezin dituzte izan beste batzuek dituzten aukerak, eta tresna hauek guztientzat eskuragarri izan beharko lukete, pertsona guztien bizitzaren duintasunaren zerbitzura.

 

Interes berezirik izan behar dute gaurko jardunaldietara bertaratzen direnek?

Proiektu bat izan dezakete buruan, baina ez da horretara mugatzen. Tendentzia haundia daukagu ekonomia gure eguneroko bizitzatik urruntzeko. Begirada hori aldatu nahi duen jendea bilatzen dugu, komunitatearen erantzukizunak eta begirada komunitarioak duten garrantziaz jabetzeko.

 

Estatuko beste herrialdeetatik etorriko dira gaurko hizlariak. Oso ezberdina da toki 
bakoitzeko egoera?

Leku gehienetan asko dago egiteko. Ekimen eta praktika gehien dituzten lekua Katalunia da. Jendea modu komunitarioan antolatuta dago, eta proiektu horiek erakundeetara hurbildu ahal izan dituzte. Neurri batean, erakundeek komunitatearen diskurtsoa hartu dute, eta hainbat proiektu egin dituzte. Hori, adibidez, oso garrantzitsua da, eta Euskal Herrian oso konplikatua da, egiturak oso zurrunak direlako.

 

Atzo saio teoriokak izan zenituzten. Zer eskainiko duzue gaurkoan?

Hori da, atzokoak informazio saioak izan ziren, kokatu beharreko markoa azaldu genuen. Gaur, aldiz, esperientziak izango ditugu hizpide. Aipatu dugun guztia praktikan jartzen saiatu diren pertsonak izango dira hizlariak, eta interesgarria izango da jendearentzat, ikus dezaten aipatzen ditugun gauzak egingarriak direla. 

 

Jardunaldiak amaitzerakoan, zeintzuk dira zuen erronkak?

Lortu nahi dugu tokian tokiko proiektuak eskala haundian egitea. Bestalde, herritarrengana hurbildu nahi dugu, eta gustatuko litzaiguke Koopfabrikaren programa bat garatzea Hernanin. Hala, Hernaniko eta inguruko pertsonak euren proiektuak garatzeko eremu bat izan dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!