«Finantzetan ahalduntzea da ikastaroaren muin nagusia, emakumeok hobeto bizitzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Renata Gonzalez Villaseñor (1992, Mexiko Hiria), Hernaniko bizilaguna.

Etxeko ekonomiari buruzko bi ikastaro eskainiko ditu Renata Gonzalezek; aurrenekoa hilaren 21ean izango da, eta bigarrena 28an, Kulturarteko Plaza Feministan.

Kulturarteko Plaza Feministaren urriko egitarauaren baitan, hitzordu garrantzitsua dute herriko emakumeek, urriaren 21ean eta 28an. Izan ere, etxeko ekonomia hizpide izango du Renata Gonzelez hernaniarrak. Bera, Hezkuntza zientzietan lizezantziatua da eta Hezkuntza Berrikuntzan Masterduna. Bi ikastaro eskainiko ditu Gonzalezek, aipatu moduan hilaren 21ean eta 28an, goizeko 09:30etatik 13:00etara bitartean, Kulturarteko Plaza Feministan. Matrikulak 7 euroko prezioa du eta izen emateko aukera urriaren 16ra arte izango da. Hiru modutara apuntatu daiteke ikastaroan; https://www.hernani.eus/es/jabetza-eskolak-izen-emate-orria 943 33 70 17 telefonora deituta; edo kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera idatzita. 

 

Zergatik planteatu duzue ikastaro hau Jabekuntza Eskolan?

Oro har, jendarte honetan oso gutxi hitz egiten da diruarekin eta finantzekin dugun harremanaz. Emakumeek diruarekin duten harremanari buruzko estereotipoek eta dirua gastatzeko, aurrezteko eta inbertitzeko moduek ez diete guztiei berdin aplikatzen, baina generoak eragina du finantza-zerbitzuak kudeatzeko orduan. Oro har, emakumeek hartzen dituzte eguneroko finantza-erabakiak, baina epe luzerako erabakietan, gizonek hartzen dute beren gain erantzukizun hori. Emakumeei eta diruarekin duten harremanari dagokionez, hainbat klixe daude, adibidez, kontsumitzaile konpultsiboak garela, balore- merkatuan parte hartzeak beldurra ematen digula, segurtasuna nahiago dugula inbertsioetan errentagarritasuna baino, aurreztaile onak garela... Finantzen arlo honetan ere emakumeok ahalduntzea ezinbestekoa dela iruditu zaigu.

 
Nola ikasten da dirua hobeto kudeatzen?

Arlo guztietan bezala, praktikak egiten du irakaslea. Gure osasun fisikoa zaintzeko ohiturak hartzea garrantzitsua den bezala, badira gure finantza-osasuna hobetzeko egunez egun erraz ezarri ditzakegun ohiturak ere. Etxeko gastuak behar bezala administratzea erantzukizun handia da, eta emakume askok egunerokoan izaten dute erantzukizun hori; hala ere, beharrezkoa da, halaber, beren finantza pertsonalen erabilera egokia izatea, epe laburrean eta luzean. Ikastaro honetan, parte hartzaileekin zenbait jarduera eta material landuko ditugu zenbait gairen inguruan, besteak beste: plangintza ekonomikoa; etxeko aurrekontuak eta aurrezkiak; emakumeek ekonomian duten papera...

 
Zer da finantza-hezkuntza eta zergatik behar dugu emakumeok?

Finantza-hezkuntza diruaren eta horren administrazioaren inguruko ezagutza, trebetasun eta jarreren multzoa da, finantza-ongizatea lortzeko. Ikastaro honen helburua parte-hartzaileei beharrezko tresnak eta ezagutza eskaintzea da, finantza-erabakiak modu autonomoan hartzeko eta ongizate ekonomikoa lortzeko gaitasuna izan dezaten. ELGAk egindako ikerketa baten arabera (2013), batez beste, emakumeek gizonek baino finantza-ezagutza txikiagoa dute, eta konfiantza gutxiago beren trebetasunetan. Kasu batzuetan, AEBetan esaterako, emakumeen eta nesken finantza-hezkuntza sustatzera
soilik zuzendutako elkarteak daude. Finantza-hezkuntza guztiontzat da garrantzitsua; hala ere, emakumearen ahalduntzearen eraikuntzaz hitz egitean, ezin dugu gai hori alde batera utzi, Finantza-askatasuna eta - independentzia izatea funtsezko faktorea baita hori bultzatzeko.
Honenbestez, diruaren administrazioa nola hobetu ikasi nahi duten emakume guztiak gonbidatzen ditugu, Etxeko Ekonomia ikastaroan parte har dezaten. Informazio guztia Kulturarteko Plaza Feministan izango duzue.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!