Astelehenean hasiko da Hernaniko Bakailo Astearen hamaikagarren edizioa

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Berriak elkarteko kideek, udal ordezkariek eta epamahaikideek aurkeztu zuten Bakailo Astearen XI. edizioa.

27 establezimenduk hartuko dute parte aurtengo lehiaketa herrikoian. Urriaren 9tik 20ra izango da jatetxe eta taberna guztietan bakailao pintxoa dastatzeko aukera. Botoak eskuz zein mugikorrarekin emateko aukera izango da.

Bi egun besterik ez dira geratzen bakailo pintxoak dastatzen hasteko. Astelehenean hasiko da Hernaniko Bakailo Astearen hamaikagarren edizioa, herriko 27 establezimenduren parte hartzearekin. Ostegunean egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa Plaza Berrin; bertan izan ziren Berriak elkarteko kideak, udal ordezkariak eta epaimahai profesionala osatu duten kideak. 

Urriaren 9tik 20ra izango da pintxoak dastatzeko tartea, 2 euroren truke. Urteroko legez, herritar bakoitzak gehien gustatu zaizkion hiru pintxoen aldeko botoa emateko aukera izango du, paperez zein digitalean: «Tabernetan paperak eta kutxak topatuko dituzte botoa emateko, baina aurten, berritasun modura, mugikorretik bozkatzeko aukera ere ahalbidetu dugu», azaldu zuen Jaione Irazu Merkataritza eta Turismo teknikariak. 

Dena den, Bakailo Astea ez da soilik horretara mugatuko. Jarduera ugari antolatu dituzte Berriak elkartearen eta Hernaniko Udalaren artean. Esaterako, zozketa batean sartuko dira Hernaniko kaleetan Pil-pil maskotarekin argazki bat ateratzen duten herritarrak. 

Epaimahaikideak, pozik

Aurtengo edizioan lau hernaniarrek osatu dute lehiaketa profesionaleko epaimahaia: Iturralde Jatetxeko Eider Manterolak, Onddi Tabernako Pili Lujanbiok, Kroketxeako Xabat Erroizeneak eta Sansonategi Jatetxeko Aritz Ansolak. Azken honek azaldu zituen epaimahaiko kideen inpresioak: «Sentsazioa oso positiboa da. Pintxoak oso landuak daude, ikusgarriak dira, bista bakarrean jateko gonbita egiten dutenak. Balorazioa oso ona izan da, asko kostatu zaigu irabazlea hautatzea».  

Sari banaketa 22an

Pintxoak dastatzeko epea amaituta, urriaren 22an egingo dute sari banaketa. Kalejira batean bisitatuko dituzte saria lortu duten establezimenduak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!