Kolorez, musikaz, eta jolasez beteko dituzte txokoak gaur eta bihar, Zelabide Auzoko Jaietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 6a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da Holi Fest.

Gaur arratsaldeko 18:00etan botako dute txupina eta jarraian, ortzadar ederra osatuko dute txikiek, Holi Festekin.

Gaur emango zaie hasiera Zelabide Auzoko Jaiei, eta bi egunez izango dira ekintzak, goizetik hasi eta gauera bitarte. Gaur arratsaldeko 18:00etan botako dute txupina, eta kolorez beteko dute auzoa herriko txikiek, Holi Festekin. Jarraian, Sabelak dantzan jarriko dituzte, eta musikak jarraipena izango du, Jaixkipe txarangarekin. 19:30etan, sardinak dastatzeko aukera izango dute auzotarrek, Gabriel Zelaia plazan, eta 20:30etatik aurrera, umeentzako dantzaldia eskainiko du Oihan Vegak, hau ere Gabriel Zelaia plazan. 20:30etarako, berriz, hitzordua jarri dute denek elkarrekin afaltzeko txosnan, eta gauean festa giroak jarraipena izango du, adin guztientzat prestatutako dantzaldiarekin eta zezen suzkoarekin.

Bihar goizetik esnatuko dira auzotarrak dianarekin, eta segidan, haurrek oztopo probetan parte hartzeko aukera izango dute, Denontzaten eskutik. Sokatira herrikoia ere egingo dute, goizeko 11:00etan hasita, Eper taberna ondoko plazan. Tortilla patata lehiaketa, aldiz, 12:00etan hasiko da, baina parte hartzaileek goizeko 11:30ak baino lehenago aurkeztu beharko dituzte tortillak, txosnan. Helduak tortilla lehiaketan eta sagardo dastaketan murgilduta dauden bitartean, auzoko txikiak apar festan gozatzeko tartea izango dute. Eguerdiko 14:00ak aldera elkartuko dira denak bazkaltzeko, eta bazkal ostean, Museko finalak jokatuko dira. 

Arratsaldeko lehen orduetan etxeko txikiek puzgarrietan zilipurdika ibiltzeko aukera izango dute, eta helduek, aldiz, toka txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Eta ekintza gehiago izango dira arratsaldean zehar, hala nola, giza futbolina, txokolatada, jaien aldeko bingoa, umeentzako dantzaldia, afaria....

Gauean zezen suzkoan argituko du auzoa, eta helduen gozamenerako, DJ Pakok musika jarriko du, ordu txikiak arte, jaiei amaiera emanez.

Iganderako, auzoa garbitzeko hitzordua jarri dute Zelabideko auzo elkarteak, eta auzotarrei bertaratzeko deia luzatu diete: «festak amaituta, geroz eta auzotar gehiago animatu garbitzera, azkarrago amaituko dugu! Animatu!».

 

ZELABIDE AUZOKO JAIAK

HERNANI

GAUR

18:00 Txupinazoa + Holi Fest. Gabriel Zelaia plazan

18:15 Sabel-dantza. Gabriel Zelaia plazan

18:30 Jaixkipe txaranga

19:30 Sardina dastaketa, Gabriel Zelaian

20:30 Umeen dantzaldia DJ Oihan Vegarekin, Gabriel Zelaia plazan.

20:30 Denok afaltzera txosnan

23:30-02:00 Denontzako dantzaldia (DJ Oihan Vega) 

23:30 Zezen Suzkoa

BIHAR

10:00 Diana

10:30 Denontzat. Haurrentzako oztopo, Atletismo pistan

11:00 Sokatira herrikoia, Eper tabernako plazan

12:00 Sagardo dastaketa, Gabriel Zelaian

12:00 Apar Festa, Bidebietako plazan

12:00 Sagardo dastaketa, Gabriel Zelaia parkean

14:00 Paella herrikoia

15:00 Mus finalak, Gabriel Zelaian

16:00 Gaztelu puzgarriak, Bidebieta Plazan 

16:00 Toka Txapelketa, Eper tabernako plazan

17:00 Giza futbolina, Bidebietako futbol zelaian

17:30 Txokolatada, Sagastialde elkartea

18:00 Jaien aldeko bingoa

20:00-22:00 Umeentzako dantzaldia (DJ Pako)

20:20 Denok afaltzera, txosnan

23:30 Zezen suzkoa

23:00-02:00 Helduentzako dantzaldia (DJ Pako)

02:00 Jaien amaiera

ETZI
Denok garbitzera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!