Sistema patriarkala 'ehortziko' dute gaur Biterin, KarmeLaHozen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 5a, 00:00
KarmeLaHoz artista, Biterin jarritako aurreko erakusketa batean.

'Ehorzketa' ikuskizuna eskainiko dute, 19:00etan kultur etxean, Performance Zikloaren barruan.

Joan den astean aurkeztu zuten Performance Zikloa, urte bukaerara bitarte hiru saio izango dituena. Gaur emango diote hasiera, 'Ehorzketa' izeneko ikuskizunarekin, KarmeLaHoz artista hernaniarraren eskutik. Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta erakusketa baten bueltan eskainiko du performancea.

Zehazki, sistema patriarkalaren ehorzketa da irudikatuko dutena, ikuskizunarekin. KarmeLaHozek harreman bat ezarriko du «hainbat lan piktorikoren eta egile ospetsuen aipamenen artean», eta agerian utziko ditu «historian emakumeei esleitutako genero-rolak, gutxiagotasun-kontsiderazioa eta erruduntasuna, emakume izateagatik». Hori horrela, sistema patriarkala «sinbolikoki lurperatzeko gonbidapena» da gaurko ikuskizuna.

Aurtengo maiatzean eskaini zuen aurrenekoz, Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan. Ikuskizunaren helburua da, «ikusaraztea historian zehar exis­titu dela menpekotasun sistema bat, arlo ezberdinetako gizon ilustreek instituzionalizatu eta berretsi zutena». Kasu honetan, berak aurretik egindako argazki sorta batetik abiatzen da KarmeLaHoz, 'Seis personajes en busca de autora'. Patriarkatuaren abolizioa zuen oinarri, horrek ere. Performance honetarako, erabilitako autoreak berritu ditu egileak, ikerketa bibliografiko sakona eginda; eta kultur etxerako egokitu du.

Sei emakumek hartuko dute parte performancean, «indar haundiagoa» ematen diolako mezuari: «Beste emakume batzuk gonbidatu ditut elkarlanera, gizarteko gai bat delako, guztioi eragiten diguna. Ahots ezberdinek izaera pluralagoa eskaintzen diote performanceari, eta kolektibotasuna irudikatzen duen oihu bat da, pertsonaletik harago», azaldu du KarmeLaHozek.

Ez da aurreneko aldia, hernaniarrak horrelako erakusketa eta ikuskizun bat prestatuko duena Biterin bertan. Aurretik ere egin ditu mota horretakoak, 'Ausentziak eta presentziak' eta 'Still Live' erakusketen bueltan burututakoak, besteak beste. Eta azkenekoa ere ez da izango herrian, datorren hilabetean eskainiko baitu hurrengoa, Performance Zikloaren barruan hori ere: 'Inkomunikazioa', azaroaren 9an, 20:00etan hasita Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!