Hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan arreta, Joxe Mari Auzmendi Bekaren bigarren deialdiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 5a, 00:00
Hik Hasiko kideak, udal ordezkariak eta Joxe Mari Auzmendiren senideak, atzo.

Atzo aurkeztu zuten hezkuntza bekaren deialdia, Hik Hasik eta Hernaniko Udalak. Abenduaren 1era artekoa da aurkezteko epea.

Bigarrenez jarri dute martxan Joxe Auzmendi Hezkuntza Bekaren deialdia, Hik Hasi egitasmoak eta Hernaniko Udalak. Eta deialdi honetan, hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko dute arreta, atzoko aurkezpenean azaldu zutenez. Bertan izan ziren Axier Mingo hezkuntza zinegotzia, Ainhoa Azpirotz eta Mikel Agirrezabala Hik Hasiko kideak, eta Joxe Mari Auzmendiren senideak.

Joxe Mari Auzmendiri eta bere senideei eskerrak ematen hasi zuen aurkezpena Mingok: «Joxe Marik bazuen Hernanin zati haundi bat, eta horretatik denok edan dugu, zeharka bada ere. Erakutsi digu, hezkuntzan badagoela gauzak beste modu batera egiteko aukera, eta gauzatzea zaila den arren, Udal bezala garrantzitsua iruditzen zaigu aukera horiek aurreneko tokian jartzea».

Zentzu horretan, Hernanik eta Udalak «hezkuntzari garrantzia» ematen diotela goraipatu zuen Azpirotzek, eta «beti erraza» izan dela Udalarekin lankidetza. Duela bi urte sortu zuten beka, «hezkuntza komunitatearen eskura jartzen dugun tresna». Eta bigarren deialdi honen aurkezpenak, bat egin du Hik Hasiren beraren berrikuntzarekin: «Hausnarketa prozesua bat burutu dugu, hezitzaile eta irakasleengandik gertuago egoteko». Bide horretan, aholkularitza zerbitzu berria, ikus-entzunezkoak edota irakasleentzako mintegiak eskainiko dituzte, orain arteko argitalpen eta jardunaldiekin batera.

 

Abenduaren 1era arte, 
proposamenak aurkezteko epea

Deialdi honetan, ildo jakin bat jorratu beharko dute proposamenek: «Nahi dugu proiektuek ikastetxeei laguntzea hobekuntza eta eraldaketa pedagogikoan, eta horretarako, hobetsiko da ikerketa bat egitea, eta horren ondoren bide-orri bat eskaintzea. Hezkuntzan dauden hutsuneak detektatu eta horiei erantzuna ematea izan da Hik Hasiren egitekoetako bat; eta beka honekin ere horixe nahi dugu, eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat ematea, marko bat eskaintzea». Izan ere, Euskal Herriko ikastetxeek «beharrezkoa» dute eraldaketa prozesuak egitea, «gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko edota pedagogikoei erantzuteko», azaldu zuen Agirrezabalak. Hori horrela, eraldaketa horretarako «marko teorikoa eta bide-orri metodologikoa» eskaini nahi ditu bekak, Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izango dena, «ondoren bakoitzak bere prozesua egin dezan».

Abenduaren 1era artekoa izango da proposamenak aurkezteko epea, eta epaimahaiak lan guztiak aztertu ondoren, urtarrilaren 9an jakinaraziko dute saritutako proiektua. 12.000 euroko beka jasoko du, eta bi urteko epea izango du gauzatzeko.

«Ilusioz» aurkeztu zuen beka Hik Hasik, «emaitza oso baliagarria izango zaielako Euskal Herriko ikastetxeei, eta Joxe Mariren balio garrantzitsu bati bide emango zaiolako. Haurrak kontuan izango dituzten heziguneak behar ditugu».

Beka deialdiari buruzko informazio guztia, eskuragarri dago hikhasi.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!