Une garrantzitsua izaten da sagardogileentzat Sagar Uzta amaiera. Horregatik, festa giroan ospatuko dute eguna Iparragirre Sagardotegian. Urriaren 15ean, datorren igandean, Sagar Uzta Amaiera Bertsotan ekitaldia antolatu dute, eta bertan kantuan arituko dira Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak.
Eguerdiko 12:00etan hasiko dira jarduerak Iparragirren. Iritsi orduko, sagarra biltzeko eta jotzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; ondoren, 13:30ak aldera, sagar eta muztio dastatzea izango da. Orduantxe egingo dute lehenengo saioa bertsolariek, bisitariek dastaketa egiten duten bitartean.
Eguneko ekitaldi nagusia, Bertso Bazkaria, 14:00etan hasiko da. Bat bateko bertsoak eta bertso jarriak tartekatuko dituzte bazkarian zehar, egunak eman duenaz gain, beste zenbait kontu aletzeko.
Menu berezia ondu dute egun horretarako, eta honakoa izango da ordena: bakailu entsalada, onddo rabiolia, Eusko Label txekor saiheskia parrillan, postrea eta kafea. Hori guztia Iparragirreko Euskal Sagardo Ekologiko desberdinekin lagunduta.
Txartelak salgai daude Iparragirren eta 943 55 03 28 telefonoan, 34 euroren truke.