Zinekluba izango da nobedadea, agenda bete-betearekin hasi den kultur ikasturtean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 4a, 00:00
Gaizka Izagirre, Ainara Aiestaran, Aitor Huizi, Nagore Irastorza eta Andres Daniel Sainz, atzoko aurkezpenean.

Urritik abendura bitarteko kultur programazioa aurkeztu zuten atzo Biterin, diziplina askotako emanaldiekin. Zinekluba da berrikuntza nagusia, eta hilero egingo dute saio bat, Gaizka Izagirre eta Andres Daniel Sainz hernaniarrek gidatuta.

URRITIK ABENDURAKO KULTUR PROGRAMAZIO OSOA IKUSTEKO, SAKATU HEMEN

Martxan da kultur ikasturtea Hernanin, eta ohi bezala, urritik abendurako programazioa aurkeztuta bota dute 'txupinazoa'. Atzo elkartu ziren horretarako, Biterin, Aitor Huizi kultur zinegotzia, Nagore Irastorza kul­tur teknikaria, Ainara Aiesta­ran li­bu­rutegiko arduraduna, eta Gaiz­­ka Izagirre eta Andres Daniel Sainz, Zineklubeko gidariak.

Hain juxtu, azkeneko hori da nobedadea, ikasturte be­rrian: «Bi­on ideia batetik abiatuta, be­hingoz errealitate izango da Zinekluba, Hernaniko Udalaren laguntzari esker. Helburu nagusia da zinemazaletasuna sustatzea Hernanin, eta zinemaren aitzakiarekin, bide batez, kultura indartzea. Ez dugu bilatu soilik pelikulak proiektatzea, baizik eta horren inguruan sortu daitezkeen elkarrizketak eta solasaldiak sustatzea. Filmen zu­zendariak eta aktoreak ere ekarriko ditugu, edota pelikulek jorratutako gaietan adituak diren pertsonak, gai horien gainean aritzeko», azaldu dute.

Hilean behin izango dira sa­ioak, eta nahi dute herritarrek «jauzi» egitea zinema proposamen guztien artean: zinema kla­sikoa, egile zinema, euskal zinema eta kalitatezko zinema komertziala. Tarteka, telesailek ere izango dute tokia, dokumentalak eskainiko dituzte, eta haurrentzako saio bereziak prestatuko dituzte. Hautaketa egiteko garaian, bi ardatz markatu dituzte: pelikulen erdia gutxienez euskeraz edo euskerazko azpitituluekin izatea (denak jarriko dituzte jatorrizko hizkuntzan); eta gutxienez erdia izatea, era berean, emakumezkoek zuzendutakoak. Lehenengo saioa, urriaren 18koa, doakoa izango da; eta gainerakoetan, 3 euroan izango da sarrera.
 

Kontzertu bereziak eta antzerki zikloa, azkeneko hiruhilekoan

Parekidetasuna bilatzea izan da, baita ere, urritik abendurako kultur programazioaren oinarri­etako bat, diziplinen arteko orekarekin batera. Herriko musika taldeen ohiko emanaldiez gain, hiru kontzertu berezi izango dira urte bukaera bitarte: Don Inorrez taldearena urrian, Maria Be­rasarte eta Pepe Riverorena aza­ro­an, eta Willis Drummond talde­arena abenduan, 'Hala ere' bi­raren azkeneko emanaldietako bat, Biteriko harmailak kenduta.

Antzerki zikloak ere ez du hutsik egingo: azaroaren 28an, 29an eta abenduaren 1ean izango da (azaroaren 30erako Greba Feminis­ta dago deituta). Eta literaturari dagokionez, bi berrikuntza: bata, Slawka Grabowskak gidatuko di­tuela gaztelaniazko literatur so­la­saldiak; eta bestea, ipuin kon­­taketak bi emanalditara buel­tatuko direla, adinaren arabera banatuta.

Urriko emanaldietarako sarrerak dago­eneko salgai daude, Biterin eta kultura.hernani.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!