Afrikako kolonialismoari eta inperialismoari buruz, bi hitzaldi

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

Rosa Moro, aurreko hitzaldi batean. Argazkia: Mireia Gamisans

Potemkin Zinema taldeak antolatuta, bi eguneko zikloa izango da Hernanin, ostiral eta larunbat honetan.

Afrikako kolonialismoari eta inperialismoari buruz, bi eguneko zikloa antolatu du Potemkin Zinema taldeak, Hernanin. Ostiral eta larunbat honetan izango da, eta bi hitzaldi prestatu dituzte, Rosa Moro kazetariaren eskutik. «Gaurkotasun haundiko gaiak» jorratuko ditu bertan, 'África en mente' blogaren sortzaileak.

«Urriaren 15ean beteko dira 36 urte, Thomas Sankara hil zutela, Burkina Fasoko lehendakari eta lider iraultzaile anti-inperialista. 'Afrikako Che Guevara' deitzen diote. Horregatik, estatu kolpearen eta hilketaren urteurrena gogoratuz, Rosa Moro kazetaria gonbidatu dugu, eta bi hitzaldi antolatu ditugu Hernanin bertan, Afrikako egoerari buruz», azaldu du talde hernaniarrak.

Biterin izango da aurreneko hitzaldia, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan, Rosa Morok berak idatzitako liburu bat izango dute hizpide: 'El genocidio que no cesa en el co­razón de África, una historia de desinformación', «Congoko he­rriari eta inguruko barrabaskeriei buruzkoa». Kazetariak berak aurkeztuko du liburua, saio horretan. «Gaurkotasuna duen gaia da, gizateriaren tragedia haundienetako bat jorratzen baitu, ixildu, ahaztu eta ezkutatzen saiatu diren ikerketa bat aditzera emanez; Afrikako Laku Haundien inguruan, 10 milioi pertsonaren hilketa, alegia. Kaleko jendearentzat idatzi du liburua kazetariak, esnatzeko eta ondorio latzak eragitea onartzen duen sistemari aurre egiteko prest dauden herritarrentzat», azaldu du Potemkin Zinemak. Eta Rosa Morok berak gaiaren inguruan planteatutako bi galdera ere ekarri ditu: «Nola da posible medioetan hitzik ez egitea horri buruz? Nola liteke mundua, oro har, gertatutakoaz ez lotsatzea, asaldatzea, gogaitzea, sumintzea, sutzea edota arduratzea?».

Thomas Sankararen pentsamenduari buruz, larunbateko saioa

Hurrengo egunean izango da bigarren hitzaldia, larunbat arratsaldean. Milagrosa eraikinean izango da, 19:00etan hasita: 'El pensamiento de Thomas Sankara en el África de hoy en día'. Horretan, Rosa Mororekin batera, Iñaki Gil de San Vicentek ere hartuko du parte.

Potemkin Zinema taldeak na­barmendu du, Rosa Moro kazetariak «ondo» ezagutzen duela Afrika: «Salamancako unibertsitatean burutu zituen kazetaritza ikasketak, eta hiriburu horretan jardun zuen prentsa lanean, Londresera joan zen arte, telebistako produkzio eta bideo ikasketak egitera. 2002an itzuli zenetik, Afrikarekin lotura duten hainbat hedabide eta elkartetan lan egin du. Halaber, kontinente horretako migrazioa eta egoera politikoa jorratu ditu, unibertsitatean eta beste eskola batzuetan. 'Africa en mente' bloga sortu zuen 2012an, bertako albiste eta hedabideei oihartzuna emateko».

Gaur egun, Afrikako gaietan aditua da Moro, nazioarteko hainbat hedabidetan; eta UMOYAko (Afrika Beltzarekiko Elkartasun Komiteen Federazioa) kide da. «Kolektibo honekin argitaratu du, hain juxtu, 'El genocidio que no cesa en el corazón de África, una historia de desinformación' liburua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!