Denboraldiko lehenengo partiduan garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, herritar ugariren bultzadarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

Kepa Mijangos kapitaina partiduko jokaldi batean.

15-14 irabazi zuten trikoloreek denboraldiko lehenengo partiduan, Getxoren aurka. Herritar ugari bertaratu ziren Landarera, eta animoak eskertu zituzten Hernaniko jokalariek.

Emaitza bikainarekin abiatu du denboraldia Ohorezko B Mailako taldeak. Partidu garrantzitsua jokatu zuen igandean, eta jokalariek ez zuten hutsik egin. Partidu gogorra izango zela aurreikusten zuten hernaniarrek, baina herritarrek emandako bultzadarekin Getxoren kontra gailentzea lortu zuten.

Kontzentrazio maila haundiarekin zelairatu ziren trikoloreak, eta segituan lortu zuten markagailuan aurreratzea. Jokin Oleak lehenengo entsaioa lortu zuen 16 minutuan, eta Beñat Arizetak ez zuen hutsik egin transformazioan. Tarte txikia pasata, 23 minutuan, Aimar Gorrotxategik egin zuen bigarren entsaioa. 

Getxoren erreakzioa 40. minutuan iritsi zen. Bi entsaio eta bi transformazio egin zituzten tarte laburrean, eta markagailua iraultzea lortu zuten. Hala ere, hernaniarrek ez zuten amore eman, eta Beñat Arizetak zigor kolpe bat baliatu zuen berriro aurrea hartzeko. Azkenean, 15-14 irabazi zuen Hernanik. 

Partidua amaitzean adierazpenak egin zituen Kepa Mijangos kapitainak: «Eskerrik asko etorri zareten guztioi. Momentu txarretan hortxe egon zarete gu altxatzeko. Espero dugu partidua gustatu izana, sekulakoa izan da guretzat, eta aurten bai, aurten igoera lortu behar dugu. Bultza Hernani!». 

 

Garaipen garrantzitsua igoera lortzeko bidean 

Denboraldiko lehenengo partidua irabazita pauso garrantzitsua eman du Hernanik igoera lortzeko bidean. Aurkari zuzenetako bat da Getxo; izan ere, multzo bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek jokatuko dute igoera fasea.  Elite talde horretan zortzi jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehenengo lau postuetan amaitzen duten taldeen artean jokatuko dute igoera play off-a.

Aldiz, igoera fasera sailkatzen ez diren taldeek zazpi partiduko fasean jokatuko dute, mailari eusten saiatzeko. Aurreko faseko puntuaketarekin abiatuko dute bigarren fase hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!