Hausnarketa sustatzeko hiru saio izango ditu performance zikloak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 30a, 00:00

Aitor Huizi, KarmeLaHoz, Txaro Unzilla eta Esti Mujika, zikloaren aurkezpenean.

Urrian, azaroan eta abenduan egingo dituzte performance saioak, eta gai anitzak landuko dituzte. 

«Hainbeste ikusten ez diren kultur adierazpidean eskaintzea», horixe da Performance zikloaren helburu nagusietako bat. Atzo eguerdian egin zuten zikloaren aurkezpena Hernaniko Udaletxean, eta bertan izan ziren KarmeLaHoz artista, Txaro Untzilla dantza garaikideko irakaslea, Aitor Huizi Kultura zinegotzia eta Esti Mujika Kultura teknikaria. 

Guztira hiru saio antolatu dituzte, urrian, azaroan eta abenduan. Lehenengoa datorren astean izango da, urriaren 5ean; Ehorzketa performancea eskainiko dute, «sistema patriarkala sinbolikoki lurperatzeko gonbidapena». Azaroaren 9an Inkomunikazioa performancea izango da Atsegindegin, teknologia berriei buruzko hausnarketa sustatzeko. Azkenik, abenduaren 14an Lau urtaroak dantza ikuskizuna eskainiko dute Kulturarteko Plaza Feministan, klima aldaketaren ondorioak ardatz hartuta. 

Unzillak sortuko du azken performanceko koreografia, eta horri buruzko xehetasunak eman zituen: «Dantza garaikidea izango da ikuskizunaren ardatza, gorputz mugimenduetan horixe islatuko da, baina ez da izango dantza ikuskizun soila. Zortzi hernaniarrek hartuko dugu parte, eta klima aldaketarekin lotura izango du». 

KarmeLaHoz izan da zikloaren antolatzailea, eta hiru saioen baturak helburu ugari betetzeko helburua dutela azaldu zuen: «Hainbat helburu ditu ziloak. Errebindikatzea, gogoeta sustatzea, hainbat arau haustea, publikoa inplikatzea... Artelanak horrela planteatuta daude, eta ikusleak sormen prozesuaren parte izan nahiko du. Esperientzia iragankorrak izango dira, eta ekintzak ez dira interpretazioak izango, artelan biziak eta diziplina anitzekoak baizik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!