Kronikarengana jo dute A.S.N. eta J.C.P. guraso hernaniarrek, 10 urteko semearekin bizi izan duten egoera salatzeko: «Gure semeak eskola-jazarpena jasan du beste haur baten aldetik, Urumea ikastolan, joan den urteko urritik; eta ez dugu inolako laguntzarik eta babesik jaso. Ate guztiak jo ditugu, eskolarekin, Hezkuntza Sailarekin, eskualdeko ikuskatzailearekin, Arartekoarekin edota Ertzaintzarekin jarri gara harremanetan, eta inon ez digute lagundu. Horrek ematen digu amorrazioa. Estresak eta depresio emozionalak jota bukatu behar izan du gure semeak, eta berarekin batera familia osoak», kontatu dute. «Gaur egun badirudi sekulako lana egiten ari direla bullyingaren kontra, baina benetan ez dira ezer egiten ari, lotsagarria da», diote.
Joan den urteko urrian hasi zen dena. «Telefonoz deitu ziguten eskolatik, esanez semearen bila joatean ez ikaratzeko; borroka bat izan zuela, eta beste haur batek aurpegia harramazkatu ziola. Ikusi genionean aurpegia, pediatrarenera eraman genuen zuzenean. Harramazkak izan ziren, baina begi bat atera ziezaiokeen, nola zegoen ikusita», diote. Eraso hura izan zen «gogorrena», baina egoerak okerrera egin zuen hortik aurrera: «Ordura arte ez zuen inoiz arazorik izan. Eraso hartatik aurrera, ordea, gero eta ohikoagoak izan ziren, eta ia egunero egiten zion zerbait. Berarekin tematu zen beste haurra. Eskaileretan izaten zen bereziki, ez direlako gela berekoak; eta igo eta jaisteko momentuak aprobetxatzen zituen, irakasleak igogailuan joaten baitira. Batzuetan ostikoak edo bultzadak izaten ziren, eskaileren kontra eroriaraziz; eta besteetan izan zitekeen ondotik pasa eta pixka bat ikutzea, intimidatzeko asmoz».
Jolastokian ere gertatzen zen jazarpena, azaldu dutenez: «Gure semea futbolean hasten zen, eta beste haurrak atzetik jarraitzen zuen etengabe; jolasteari utzi, bankuan eseri, eta ondoan jartzen zitzaion bestea; eta bankuz aldatuta ere, atzetik joaten zitzaion. Azkenean, gure semeak komunean bukatzen zuen, jolasgaraia noiz amaituko zain».
«Ez dute ikusi nahi izan zer gertatzen zen»
Egoera horretan, eskolako zuzendariarekin eta ikasketa buruarekin hitz egin zuten aurrena, «eta esan ziguten beharrezko baliabide guztiak bideratuta zeudela». Batetik bestera ibili dira ordutik: eskualdeko hezkuntza ikuskatzailea, Eusko Jaurlaritza, Arartekoa... Eta denetan antzeko erantzuna: Ikasle kopuru horretarako behar diren irakasleak bazeudela. «Baina pertsonak dira, eta ezin duzu dena kontrolatu. Batzuetan, irakasle bakarrak 50 ikaslerekin ez dauka arazorik; eta besteetan, aldiz, bost ikaslerekin ezin du, haien izaeragatik. Salbuespenak aurreikusi behar dira, eta baliabideak jarri».
Jolasgaraiko gertaeren harira, eman zieten konponbidea «ezin genuen sinetsi. Gure semeak ikasketa buruari esan zion ezin zuela gehiago, eta nahiago zuela gelan geratu, jolastokira jaitsi baino. Zein izan zen soluzioa? Ekarri liburu bat, eta jolasgaraian etorri niregana, irakurtzera. Jolasteko da tarte hori, ondo pasatzeko eta zoriontsu izateko. Eta gure semeak, ezer txarrik egin gabe, irakurtzen geratu behar du, beste haur batek ez diolako jolasten uzten?».
Hilabeteak pasa ahala, semea «eskolatik atera orduko hasten zen kotxean negarrez», eta maiatzean gainezka egin zion egoerak, kontatu dutenez: «Bi zorabio izan zituen, konortea galduta. Guk eta pediatrak, egoera hasieratik ezagutu arren, ez genuen uste horregatik izan zitekeenik. Tripako, buruko eta eztarriko mina izan zituen, ez zuen ezer jaten, 3 kilo argaldu zen astebetean, azetona eta azukrea minimoan zeuzkan, ingresatzeko puntuan... Uste genuen birus bat zela, konplikatu egin zitzaiona. Baina hamaika proba egin ondoren, esan ziguten estresa eta depresio emozionala zela. Eta medikuak esan zigun, eskolara ezin zuela bueltatu, inondik inora».
Maiatzetik ez zen itzuli eskolara, eta ikastetxez aldatu dute ikasturte berrirako. «Deitu genuenean esateko semearen egoera zein zen eta ezin zuela eskolara gehiago joan, erantzun ziguten: 'Tira, ba dakizuenean zer daukan, esango diguzue'. Baina oso ondo zekiten zer zeukan. Eta beste deirik ez dugu jaso ordutik, jakiteko zer moduz zegoen. Badirudi hori zela nahi zutena, udara iritsi, semea beste eskola batera joan, eta dena ixilpean geratu eta ahaztea. Hori da soluzioa?», diote.
Salatu dute, gainera, eskola-jazarpenaren protokolo bat daukatela, horrelako egoeretarako; «eta ez dute aktibatu ere egin. Irakasle guztiek jakin behar zuten zer ari zen gertatzen, zaintzeko; baina inork gutxik zekien. Egoeraren berri zuten, bakarrik, bi haurren geletako tutoreek, zuzendariak eta ikasketa buruak. Protokoloa aktibatu zuten galdetzeko deitu genuen ekainean, eta zuzendariak esan zigun beraiek dena ondo egiten ari zirela, eta ez zeukatela aktibatu beharrik; guk eskatu behar genuela. Urritik zeukaten egoeraren berri, eta ez ziguten hori aipatu ere egin».
Zentzu horretan, aitortu dute ingurukoek galdetu dietela zergatik jarraitu gertatutakoa ikusarazi nahian, haurra eskolaz aldatu badute: «Ez dugulako nahi beste haur batek eta beste familia batek sufritzea, guri tokatu zaiguna. Guretzat eta anai-arrebentzat oso gogorra izan da bera horrela ikustea. Eta oraindik ere, hobera egin duen arren, ez dugu gure semea errekonozitzen. Barruan pilatuta daukan amorru guztia askatzen du gurekin. Denbora pasako da berriro ondo egon arte...».
«Gogorra da esatea, baina guk 'zortea' izan dugu, orain arte ez zaigulako gertatu. Beste haur batzuek urtero sufritzen dute eskola-jazarpena, eta ezagutu ditugu kasu batzuk, aurretik bizitakoak zein egun bizi dutenak. Gureak 10 urte dauzka orain, eta pentsatu nahi dugu garaiz heldu diogula. Zer egin behar genuen, berdin jarraitu, semeak sufritu dezala, eta 13-14 urterekin gertatzea telebistan ikusten duguna?».
Eskolako zuzendaritzak ez zuen adierazpenik egin nahi izan
Kasuaren berri izan zuenean, ekainean, Urumea ikastolaren orduko zuzendaritzarekin harremanetan jarri zen Kronika, eskolaren bertsioa jasotzeko. Eskualdeko hezkuntza ikuskatzailearen bitartez jaso zuen erantzuna, eskolak ez zuela gaiari buruzko adierazpenik egingo.