Joxe Dorronsoro Yurramendi, Dorronsoro okindegiaren sortzaile eta gerentea izan da azken 26 urteotan, eta jubilatu berri da. Hamabost urte besterik ez zituela hasi zen lanbide heziketan Hernaniko Ariztimuño okindegian. Orduz geroztik, lanbideak planteatzen dizkion behar, aldaketa eta erronkei erantzunez egin du lan sektorean ia 50 urtez. Agur esan dio ogibideari lanak ongi egin dituenaren sentsazioarekin: «Ariztimuñon, Panifikadoran, nire kontura... urte mordoa izan dira ogiari lotuta lanean».
Sentimendu gazi-gozoak nahastu dira jubilazioa hartzerako garaian: «Poza eta pena ere bai. Utzi beharra zegoen eta Eli eta Laura alabek hartu dute lekukoa; beraiek dira etorkizuna eta esku onetan uzten dut», dio Joxek. «Orain jubilatu izanaren ideia barneratzen ari naiz».
Urte guzti hauetan gauzarik pozgarriena ogiaren kalitatea eta lanketan egin duen ibilbidea omen da. Lehen kalitateko lehengaiak baino ez ditu erabili Joxek, eta era guztietako ogiak egiten dituzte Dorronsoro okindegian: «Ez dut edozein moduz ogirik egin. Bertako lehengaiekin eta jeneroarekin egin dut beti ogia. Ez dugu masa izoztuetara edo aurrez landutakoetara jo, gustura eta mimoz egindako lanean sinesten dudalako, eguneroko beharretara egokitzen dena. Kalitatea eta zerbitzua eskainiz lehiatu daitekeen enpresa txikia izan gara eta jarraituko du izaten alabekin».
Ogia egiteak ere bere 'artea' eskatzen du eta Joxe horretan maisu izan da: «Jendeari irudituko zaio ogia egitea xamurra dela, baina ez da horren xamurra. Gainean egon behar da beti, aldaketak egin behar izaten dira eguraldiaren arabera. Uraren tenperatura aldatu egiten da giroaren arabera. Hego haizearekin ateak itxi behar izaten dira masa lehortzeko arriskua baitago».
«Bezeroekin izan dudan harremana faltan botako dut»
Urte guzti hauetan bezeroekin izan den harremana nabarmentzen du Dorronsorok: «Satisfakzioa haundiena da hori. Hasieratik tematu nintzen aurrera aterako nuela okindegia; ordu asko sartuta eta pazientziarekin aurrera egin dugu. Oso gustora aritu naiz. Bezeroekin izan dudan harreman hori faltan botako dut. Ogia ematera sagardotegietara joan, bertan solasean aritu, tragoa hartu... horrela da bizimodua. Horretara ohitu beharko dugu».
Moldagarritasuna ere indargunea izan du Joxek. «Lantegiak aukera eman digu kontsumitzailearen gustura egokitzeko, eta, horretarako, behar bakoitzerako produktu paregabeak sortzen ditu. Gure erronka da garaiz (azkar) eta taxuz erantzutea bezeroei (gure produktuak haien beharretara egokituz). Gure bezeroak bizitzaren kalitatearen alde egiten duten eta gure produktuetan aitortzen duten pertsonek osatzen dituzte».
Dorronsoro familia-enpresak 17-18 pertsona ditu plantillan, eta horien artean daude Laura eta Eli, enpresaren jarraipena emango diotenak. Dorronsoro Okindegiak bere eguneroko zereginaren ardatz nagusia kalitatea eta bezeroentzako arreta ditu. Hurbiltasun horrek aukera ematen dio bere beharrei erantzuteko eta lana modu jasangarrian eta arduratsuan planifikatzeko, beharrezkoak ez diren hondakinak sortzen dituen gainprodukzioa saihesteko. Dorronsoro Okindegia esku hoberenetan geratuko dela dio: «Asteburutan aspalditik laguntzen hasi ziren eta ondoren okindegiaren ardura hartu dute. Kanpoan egin zuten lana eta gero hasi ziren okindegian. Zortea izan dut eta biak bertan lan aritzeko asmoa erakutsi dute okindegiari jarraipena emateko. Badakite negozioa nola eraman behar den».
Hori bai, nahiz eta 17-18 langile izan lankideak gaur egun bilatzea ez dela erraza dio Joxek: «Asteburuetan askok ez dute nahi lan egin eta gure ogibidean asteburuak garrantzitsuagoak dira, adibidez gozogintzan. Zaila dago».