Hernani CRE-ko talde nagusiak bihar hasiko du aurtengo denboraldia Getxoren aurka, 12:30etatik aurrera, Landaren. Ohorezko B Mailan daude bi taldeak, A multzoan, eta partidu garrantzitsua izango da igoera helburu duten bi talderen artean. Kepa Mijangos (1997) taldeko kapitaina da, nahiz eta 26 urte besterik ez dituen. Aurtengo denboraldiko erronkak eta nondik norakoak azaldu dizkio Kronikari Landareko elkartean. Gogoa da behin eta berriz ahotan duen hitza.
«Aurreko bi urteetan igoerako fasetik kanpoan geratu eta gero izugarrizko gogoekin gaude aurtengo denboraldiari begira. Bertan egon nahi dugu, badakigulako bertan egoteko maila dugula. Bihar hori erakutsi nahi dugu eta gogotsu gaude», dio Mijangosek. Liga erregularrean bi fase izango dira. Hiru multzo daude: A, B eta C, eta multzo bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuak igoera fasean sartuko dira, elite taldean, beste bi multzoetako sei onenekin.
Elite taldean zortzi jardunaldi jokatuko dituzte eta lau lehenengoek playoff-a jokatuko dute finalerdiekin eta finalarekin. Finalerdietan lehenengoak, laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak, hirugarrenaren aurka partidu bakarrera hobekien sailkatua dagoenaren zelaian. Finala ere partidu bakarrera jokatuko da aurreko fasean hoberen sailkatu den taldearen zelaian. Txapelduna zuzenean igoko da Ohorezko Mailara eta azpitxapeldunak promozioa jokatuko du Ohorezko Mailako azkenaurreko sailkatuaren kontra.
Lehenengo hiru postuetan sailkatzen ez diren taldeek bigarren fasean zazpi partidu izango dituzte, aurreko faseko puntuaketarekin. Jaitsiera izango dute jokoan. Hori saihestea da lehendabiziko helburua. Bide horretan Getxo izango da lehendabiziko aurkaria. Bizkaitarrak multzoko aurkari gogorrenetakoak dira eta aurreneko partiduak denboraldi honetako etorkizuna definitu dezake, aurreko urtean gertatu bezala. Kepa Mijangosen esanetan bi aldeak ditu. «Aurredenboraldi ona egin dugu, gogotsu gaude emaitzaren arabera jakingo dugu ea ona edo txarra izango den aurkari zuzen baten aurka horren goiz jokatzea. Irabaziz gero oso ona da, batez ere psikologikoki. Urte osorako indarra emango liguke. Galduz gero lehenengo partidua bakarrik dela pentsatu behar dugu. Oso aldaera positiboarekin gaude eta partidu ona eginez gero, nahiz eta galdu indargunea izango da».
«Lehenengo taldera igo diren jokalari gazteek bizitza asko eman diote taldeari»
Aurredenboraldian emaitza onak lortu ditu Hernanik. Bi partidu eta ondoren txapelketa bat jokatu zuten. Taldea guztiz bildu gabe zegoen, oporren ondorioz, baina sentsazio oso onekin amaitu du taldeak. «Pixkanaka hobekuntza ikusi zen eta azkenengo txapelketan lehenengo mailako talde baten aurka maila altuan jokatu genuen».
Aurreko denboraldiarekin alderatuta, taldean aldaketa gutxi izan dira: «Harrobitik gazteak igo dira eta aurreko urteko jokalariak mantentzen dira. Gazteek bizitza asko eman diote taldeari. Aurreko urtetik lehenengo taldean dauden gazteak esperientzia hartu dute eta denen artean pixkanaka talde sendoa eta polita sortzen ari da».
Taldearen gaztetasuna jokalarien adinak erakusten du. «Beñat Iradi, lehengoko kapitaina, uste dut dela eskarmentu gehien duen jokalaria eta 28 urte besterik ez ditu. Orain bi urte Eibarretik 34 urte dituzten bi jokalari etorri ziren eta gurekin jarraitzen dute. Hortik behera oso oso talde gaztea dugu». Kepa Mijangos bera da beteranoetakoa, Ohorezko Mailan jokatutakoa, eta 26 urte besterik ez ditu. «25 eta 26 urtekoak gara beteranoak eta goiko maila ezagutu dugu. Pentsa zein gaztea den osatu dugun taldea».
«Aurreko urtean ikasi genuen dena eman behar dela maila altuagoko partiduetan»
Ohorezko B Mailak eta A multzoak aurreko dinamika berdina izango duela uste du Mijangosek: «Gora igotzeko faserako lauzpabost hautagai gaude, hiru postutarako, eta aurreko urtean bezala gure arteko partiduak azken jokaldian erabaki daitezke. Maila ona egongo da eta gu maila horretan gaudela uste dut. Hiru talde horietan sartzeko maila badugu».
Kepa Mijangos anbiziotsu agertzen da: «Helburu nagusia Ohorezko Mailara igotzea da, baina horretarako aurretik pausoak eman behar dira eta igoera fasera sailkatu behar dugu lehendabiziko hiru postuetan sailkatuz. Aurreko bi urteetako esperientzia baliagarria izango zaigu. Jokalari guztiak jasan genuen frustrazioa eta urtarrilerako helbururik ez izatea eta ikasi dugu ahal denean zerbait gehiago eman behar dela helburuak lortzeko. Bide horretan aurkari nagusiak Getxo, Gernika eta Zarautz izango dira».
Entrenatzaile lanetan Patrick Polidorik jarraitzen du, baina badaude berrikuntzak: «Aurrelarientzako entrenatzaile berri bat ekarri dugu, indartzeko, eta pozik gaude».
Beraz, dena prest dute trikoloreek denboraldi berriari ekiteko.