Inoiz baino postu gehiago eta egun osoko plana, Hernaniko Liburu eta Disko Azokan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 30a, 00:00

Euskerazko ehunka liburu eta disko izango dira azokan, 16 argitaletxe eta ekoizlek jarriko baitute postua bertan.

16 argitaletxe eta ekoizleren postuak izango dira azokaren hirugarren edizioan, lau liburu eta hiru diskoren aurkezpenak egingo dituzte, eta hiru emanaldi eskainiko dituzte. Goizeko 11:00etatik 14:30etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara egongo da zabalik, Atsegindegin. 

Hirugarren edizioa izango du gaur, Atsegindegin, Hernaniko Liburu eta Disko Azokak. Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, urtetik urtera hazi da azoka, eta salto haundia eman du aurtengoan: 16 argitaletxe eta ekoizleren postuak izango dira bertan, eta makina bat aurkezpen eta emanaldi ere bai. Aurreneko aldia da, gainera, diskoak ere azokaren parte izango direna, liburuekin batera.

Goizeko 11:00etan irekiko dute azoka, eta honako argitaletxe eta ekoizleek jarriko dute postua bertan: Alberdania, Argia, Dobera, Elkar, Erein, Gaitzerdi, Harriet, Hernani Errotzen, Hernaniko Musikariak, Igela, Katakrak, Kantaita, Pamiela, Susa, Txalaparta eta 1545. Eguerdiko 14:30ak arte egongo da zabalik, eta arratsaldean irekiko dute berriro, 17:00etatik 19:30etara.

Ipuin, musika eta bertso emanaldiak, egun osoan zehar

Azokako postuez gain, haurren txokoa izango da Atsegindegin, eta baita eszenatokia ere. Bertan, egun osoan zehar izango dira egile eta sortzaile ugari, egitarau potoloa prestatu baitute. Horrela, ipuin, musika zein bertso emanaldiak eskainiko dituzte, eta lau libururen eta hiru diskoren aurkezpenak ere egingo dituzte.

Hain juxtu, emanaldi batekin egingo dute azokaren irekiera: 'Arpa magikoa' izeneko ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute Ane Artetxek, Amaia Irazabalek eta Amaia Ruiz de Galarretak. Urruneko mendien artean dagoen lurralde ezkutu batera eramango dituzte entzuleak, arpa magikoaren lurraldera; bertan altxor preziatu bat dagoela jakin dute Mailukote eta Maratil bidaiariek, eta haren bila abiatu dira.

Beste emanaldi bat ere izango da eguerdian, 13:30etan hasita, Amaia Irazabalen eta Ainara Ortegaren eskutik: 'Musika eta hitzak'. Irazabalek jarriko du musika, eta Ortegak hitzak. Aurrerapena ere egin dute: «Nola bilakatzen da hitza doinu? Berezkoa al du doinu batek hitza? Errepikapena ote da dena? Paperezko bertsogintzak hitza nola, kantagintzak biak behar, arranopola? Errimak mokoka, neurriak zipoka, notak mordoxka, baietz egin kantu bat pausoka?».

Arratsaldean izango da beste emanaldi bat, 18:00etan hasita: bertso saio literarioa eskainiko dute Oihana Arana idazleak eta Maialen Akizu eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek. Pasarte literarioak irakurriko ditu idazleak, eta ondoren, hari lotutako gaiak proposatuko dizkie bertsolariei. «Bertso saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko du», aurreratu dute.

Lau libururen aurkezpena, bi txandatan

Eguerdian zein arratsaldean izango dira liburuen aurkezpenak ere, bi txandatan banatuta. Aurrenekoan, 12:00etatik aurrera, hiru liburu aurkeztuko dituzte. Batetik, Argia aldizkariak argitaratutako bi lan ekarriko dituzte azokako eszenatokira: Jakoba Errekondok sortu eta Antton Olariagak ilustratutako 'Ilargiak eta landareak' 2024ko agenda; eta bestetik, Garbiñe Larrearen 'Sendabelar baratzea' liburua. Ilargiaren araberako urte guztiko lanak deskribatzen ditu Errekondoren agendak: astero nola egin baratzean, fruitu arboletan, lorategian eta basoan. Larreraren liburuak, berriz, sendatzeko baratzea lantzeko proposamena dakar: zehazki, zaintzen lan haundirik emango ez diguten hamabi sendabelarren ezaugarri terapeutiko, kosmetiko eta gastronomikoak.

Bi liburu horiek aurkeztu ondoren, 12:30ak aldera, Mikel Mendizabalen txanda izango da, Alberdaniarekin argitaratu duen 'Euskara orain - Eraginkortasuna helburu' liburua aurkezteko. Juan Valter Tauliren ideietatik abiatuta, euskeraren egungo egoera aztertzen du liburuak, baina ohikoa ez den ikuspegi batetik. Liburuan bildu dituzte Xabier Amuriza eta Iñigo Lamarca idazleak, eta Haitao Liu eta Jesus Rubio hizkuntzalariak.

Arratsaldean, berriz, argitaratu berri den liburu bat aurkeztuko dute azokan, 17:30etan hasita: 'Oso latza izan da' Xabier Mendigurenek Elkarrekin argitaratutakoa. Bertan izango da Mendiguren, Amagoia Mujikarekin batera. 1981eko otsailean kokatzen da nobela, eta Joxe Arregi zizurkildarraren atxiloaldia eta heriotza kontatzen du. Honela dio sinopsiak: «Joxe Arregi zizurkildarra Madrilen atxilotu dute, eta handik hamar egunera azken arnasa eman du, jasandako tratuaren ondorioz. Zenbait lagunek ixilpeko plana egin dute, hilotz hori hilobitik jaso, hilkutxatik atera eta bere biluztasun lazgarrian argazkiak egiteko, torturaren gordina begien bistan jartzearren, ezikusiarena egin nahi luketenentzat ere».

Hiru diskoren aurkezpena, azokako 'txoko berria' estreinatzeko

Musikariak ere ez dira geldituko eszenatokira igo gabe, eta hiru aurkezpen egingo dituzte egunean zehar, azokak diskoentzako txokoa estreinatu duen honetan. Zehazki, hiru disko aurkeztuko dituzte; dagoeneko argitaratutakoak bi, eta bidean dagoena bestea.

Bitartean Folk talde hernaniarra izango da eszenatokian aurrenekoa, eguerdiko 13:00etan. 'Bitartean Folk & Band' lana aurkeztuko dute, azkeneko urteetan sortu eta bildutako doinu eta hitzak formatu haundira egokituz sortu dutena. Euskal Herria eta Argentina arteko ibilbide nahasketak oinarri, bi herrialdeetako doinu, melodia eta erritmo jolasak daude entzungai diskoan, taldeko lau musikarien eskutik: Garazi Navas, Sebastian Ustarroz, Ixiar Jauregi eta Haritz Ezeiza.

Musika talde bat beharrean, pailazo bat igoko da eszenatokira arratsaldean: 'Esan, galtzerdi maitea!' diskoa aurkeztuko du Zapotxinek, 17:00etan. Aitonak kontatzen zizkion kontuak eta kantatzen zizkion kantuak gogoan, irudimena landuz haiek ekarriko ditu abestietara, laguneko kantuan eta dantzan aritzeko.

Eta azkenik, beste musika talde baten doinuak entzuteko aukera izango da Atsegindegin, Karena taldeak emango baitio bukaera aurtengo azokari. Irati Jauregi hernaniarrak, Irati Gardokik eta Andoni Zabalok osatzen dute taldea, eta bere aurreneko diskoa prestatzen ari diren, aurkezpenetarako tartea baliatuko dute 19:00etan. Horrela, taldea bera aurkeztuko dute, eta diskoaren aurrerapena egingo dute: «Beti esan izan dugu Karena gure etxea izango dela noizbait, etxe goxo bat, negurako sutondo eta guzti. Diskoa etxearen eraikuntza prozesua izan da, 8 pisu dituen etxe bat. Pisu bakoitzean kantu batek hartu du lekua, bai lokartzeko, baita esnatzeko ere».

 

HERNANIKO III. LIBURU ETA DISKO AZOKA

ATSEGINDEGIN

GAUR, larunbata

11:00, Azokaren irekiera:
'Arpa magikoa' ipuin kontaketa musikatua, Ane Artetxe, Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz de Galarretaren eskutik

12:00, Liburuen aurkezpenak:
-'Ilargia eta landareak 2024 agenda' (Argia), Jakoba
Errekondorekin
-'Sendabelar baratzea' (Argia), Garbiñe Larrearekin
-'Euskara orain - eraginkortasuna helburu' (Alberdania), Mikel Mendizabalekin

13:00, Disko aurkezpena: 'Bitartean Folk & Band', Bitartean Folk taldearen eskutik

13:30, 'Musika eta hitzak', Amaia Irazabal eta Ainara
Ortegaren eskutik

17:00, Disko aurkezpena: 'Esan, galtzerdi maitea!',
Zapotxinen eskutik

17:30, Liburu aurkezpena:
'Oso latza izan da' (Elkar),
Xabier Mendiguren eta
Amagoia Mujikarekin

18:00, Bertso saio literarioa, Oihana Arana idazlearekin eta Maddi Ane Txoperena eta Maialen Akizu bertsolariekin

19:00, Karena taldearen
aurkezpena

19:30, Azokaren itxiera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!