Gaur arratsaldean lehertuko da Lizeagako Jaietako lehenengo suziria

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 29a, 00:00

Aurpegi margoketa izango da festetako lehenengo jarduera.

Arratsaldeko 17:30etan hasiko dira Lizeagako Jaiak. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute festetarako; gaurkoan aurpegi margoketa, puzgarriak, poker txapelketa eta karaoke saioa izango dira. 

Gaur arratsaldean hasiko dira Hernaniko Lizeaga auzoko jaiak, txupinazoarekin. Lehenengo suziria piztu ondoren, jarduera ugari izango dira auzotarren gozamenerako. 

Gaur bertan, aurpegiak margotu ondoren, puzgarrietan jolasteko aukera izango dute gaztetxoek. Gainontzeko ekintzak gauean izango dira; estrategia maite dutenentzat Poker Txapelketa izango da Pacheco Tabernan, eta abestea nahiago dutenentzat Karaoke saioa antolatu dute. 

Larunbata izango da festetako egun nagusia. Gosaritik hasiko dute eguna auzotarrek, eta festa giroa egun osoan zehar mantenduko da. Eguerdiko 12:00etan aterako dira Buruhaundiak, eta Gautxori Txarangak girotuko du ingurua, oso dantzagarria den kantutegiarekin. 

Buruhaundiekin egindako kalejiraren ondoren, indarrak hartzeko unea iritsiko da. Mahaiaren bueltan elkartuko dira Lizeagako bizilagunak, Herri Bazkaria egiteko. Giro ederra eta jaki goxoak izango dira aurtengo edizioan ere, eta bingora jolastuko dute bazkalostean. Arratsaldean, berriz, Jennyren aerorrunba saioak itzuliko ditu musika eta dantza Lizeagara. 

Gauean, gustura afaldu ondoren, DJ Meyd disko ziztatzailearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da.  

Igandean amaituko dira jaiak

Igandea izango da Lizeagako Jaietako azken eguna. Gastronomiarekin lotutako ekintzak izango dira goizeko protagonistak; Tortilla eta sukaldaritza txapelketekin, eta sagardo dastaketarekin. Aurten ere herriko sagardotegi askotako produktuak dastatzeko aukera izango da. Gainera, toka eta bote txapelketa ere egingo dute eguerdian. 

Arratsaldeko 16:00etan Mus Txapelketa jokatuko dute Lizeaga tabernan, eta 20:00etan amaituko dira festak.

 

LIZEAGAKO JAIAK

HERNANI

GAUR

17:30 Txupinazoa.

18:00 Aurpegi margoketa eta puzgarriak.

22:00 Poker txapelketa Pacheco tabernan.

22:30 Karaoke saioa.

BIHAR

10:00 Herri gosaria: 
txokolatea eta txurroak.

12:00 Buruhaundiak eta 
'Gautxori' txaranga.

12:00 Omenaldia adinekoei Sandiusterrin.

14:30 Herri bazkaria.

16:00 Barrakak umeentzat dohainik arratsaldeko 
bostak arte.

17:00 Bingoa.

19:00 Aerorrunba arratsaldeko zortziak arte.

21:00 Kuadrillen afaria.

23:00 'DJ Meyd'.

IGANDEA

11:00 Tortillak eramateko ordu muga lehiaketan parte hartzeko.

12:00 Auzoen arteko 
sukaldaritza txapelketa.

12:30 Sagardo dastaketa eta trikitilariak.

12:30 Toka eta bote 
txapelketak.

16:00 Mus Txapelketa Lizeaga tarbernan.

20:00 Jaien bukaera.

*OHARRAK:
Sagardo dastaketa: edalontzia 2 euro eta pintxoa euro 1.
Kuadrillen afaria norberaren kontura eta edariak festa batzordeak jarriko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!