Auzotar guztientzako moduko ekintzak izango dira Lizeagako Jaietako egun nagusian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 30a, 00:00

Aerorumba saioarekin dantzan jarriko dira Lizeagako auzotarrak.

Atzo hasi ziren Lizeagako Jaiak, eta festa giroak jarraipena izango du gaur eta bihar. Goizean buruhaundiek eta txarangak hartuko dute auzoa; arratsaldean, berriz, jolaserako eta dantzarako tartea izango da. Biharko geratuko dira sagardo dastaketa eta txapelketak.

Puzgarriekin eta poker txapelketarekin abiatu ziren atzo Lizeagako Jaiak. Jende ugari bildu zen lehenengo suziria gertutik ikustera, eta karaoke saioarekin amaitu zuten eguna. Atzoko festa giroari jarraipena emanez, gaur ospatuko dute egun nagusia; goizetik hasiko dira jarduerak, eta adin guztietako auzotarrek gozatzeko moduko ekintzak izango dira. 

Gosez esnatzen direnentzat plan ezinhobea izango da gaur goizekoa; 10:00etatik aurrera herri gosaria antolatu dute, eta txurroak dastatzeko aukera izango da bertan, txokolate eta guzti. Sabelak bapo bete ondoren, martxan jartzeko garaia iritsiko da eguerdian. 12:00etan aterako dira Buruhaundiak, auzotarren bizkarrak astintzeko asmoz. Gainera, ohi bezala, Gautxori Txarangak girotuko du ingurua, oso dantzagarria den kantutegiarekin. 

14:30etan mahaiaren ingurura itzuliko dira Lizeagako auzotarrak. Herri bazkaria egingo dute Urumea Ikastolako futbol zelaian. Giro ederra sortu ohi da urtero eguerdiko otorduan, eta ez da jaki goxorik faltako aurtengoan ere. 

Bazkariarekin amaituta, ondo pasatzeko zenbait jarduera antolatu dituzte; haurrentzat eta helduentzat baliagarriak izango direnak. Gaztetxoek barraketan debalde gozatzeko aukera izango dute 16:00etatik 17:00etara. Auzoan bertan jarriko dituzten atrakzioetan igaro ditzakete arratsaldeko lehenengo orduak. Ondoren, 17:30etan, ohiko bingo partidua jokatuko dute bazkari gunean. Antolakuntzako kideak jarriko dira bingoa dinamizatzen.

Eserita hainbeste denbora pasa ondoren, altxatzeko ordua iritsiko zaie askori arratsaldeko 19:00etan. Izan ere, Jennyren aerorumba saioak hartuko du kirol pista. Auzoz auzo saio ikusgarriak eskaintzen aritu ohi da Jenny, eta Lizeagara ere dantza eta musika biziak eramango ditu. Pasa den urtean dantzan jarri zituen bazkariko kide guztiak.

Aerorumbaren ondoren, berriro mahaiaren bueltan elkartuko dira bizilagunak, eguneko azken otordua egiteko asmotan. Kuadrillen afaria izango da gaueko lehenengo jarduera; antolatzaileek adierazi dute afaria kuadrilla bakoitzaren kontura doala, eta edaria festa batzordeak jarriko duela. 

Gustura afaldu ondoren, eguna amaitzeko, DJ Meyd disko ziztatzailearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Lizeagan. 

Txapelketen eta sagardoaren eguna izango da bihar

Txapelketa eta sagardo zaporea izango du Lizeagako Jaietako azken egunak. Goizeko 11:30etan ekingo diote egitarauari, tortilla lehiaketan parte hartzeko ordu mugarekin. Orduantxe itxiko da tortillak eramateko tartea, eta epaimahaiarena izango da hitza. Dastaketa egiten dutenean jakinaraziko dute zein izan den garailea. Horrez gain, auzoen arteko sukaldaritza txapelketa ere egingo dute bihar, 12:00etan hasita. 

Janariak utzitako zaporeari beste ukitu bat eman nahi diotenentzat, sagardo dastaketa egingo dute 12:30etan. Hernaniko sagardotegi ugarik parte hartuko dute aurtengo edizioan; eta, urteroko legez, trikitilariek girotuko dute festa eremua. Edalontziak 2 euro balioko ditu, eta euro 1 ordaindu beharko da pintxoa jateko. Gainera, sagardo dastaketak irauten duen bitartean toka eta bote txapelketak ere egingo dituzte. 

Arratsalderako geratuko da, beraz, eguneko azken txapelketa. Lizeaga tabernan Mus Txapelketa jokatuko dute, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Jarduera arrakastatsua izaten da, eta aurten ere bikote asko animatzea espero dute antolatzaileek. 

Festak amaitzeko, ekitaldi txiki bat egingo dute, arratsaldeko 20:00etan, Urumea Ikastolako pistan.

 

LIZEAGAKO JAIAK

HERNANI

GAUR

10:00 Herri gosaria: 
txokolatea eta txurroak.

12:00 Buruhaundiak eta 
'Gautxori' txaranga.

12:00 Omenaldia adinekoei Sandiusterrin.

14:30 Herri bazkaria.

16:00 Barrakak umeentzat dohainik arratsaldeko 
bostak arte.

17:00 Bingoa.

19:00 Aerorrunba arratsaldeko zortziak arte.

21:00 Kuadrillen afaria.

23:00 Musika 'DJ Meyd'en eskutik.

BIHAR

11:00 Tortillak eramateko ordu muga lehiaketan parte hartzeko.

12:00 Auzoen arteko 
sukaldaritza txapelketa.

12:30 Sagardo dastaketa eta trikitilariak.

12:30 Toka eta bote 
txapelketak.

16:00 Mus Txapelketa Lizeaga tarbernan.

20:00 Jaien bukaera.


*OHARRAK:
Sagardo dastaketa: edalontzia 2 euro eta pintxoa euro 1.
Kuadrillen afaria norberaren kontura eta edariak jai batzordeak jarriko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!