2023-2027 epealdirako euskera plana onartu zuten astearteko Udal Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 28a, 00:00

Patxi Ibarguren, Xabier Lertxundi eta Itsaso Lekuona, astearteko plenoan.

Horrez gain, beste hamar puntu landu zituzten, eta aho batez onartu zuten alokairuen merkatuko prezio garestiei buruzko mozioa.

Asteartean egin zuten 2023-2024 ikasturteko aurreneko plenoa, Hernaniko Udalean. Hamar puntu landu zituzten, eta, ohi moduan, 2023 uztailaren 18ko aktaren onarpenarekin hasi zuten Osoko Bilkura. Jarraian, Xabier Lertxundi alkateak dekretuen berri eman ostean, Musika Eskolako zuzendari-idazkari izendapenaren dekretua ere onartutzat eman zuten. Segidan, ondorengo aldaketak onartu zituzten: zerga eta tasen ordenantza fiskalaren aldaketa; salbuespen eta murrizketen ordenantzaren aldaketa eta zerga bilketa ordenantzaren aldaketa. 

2023 eta 2027 epealdirako Hernaniko herriari begirako euskera plana eta 'Habe'rekin sinatu beharreko hitzarmenak ere onartu zituzten aho batez. Asier Mingok eman zituen xehetasunak: «Herriko eragileekin batera egin zen plan hau. Eta orain, plan honekin, arreta jarriko dugu aisialdian, familian, etxeko transmisioan; baita herria euskalduntzean ere. Horiek izango dira gure erronka nagusienak. Era berean, etorri berriekin ere nola jokatu landuko dugu. Beraz, gure asmoa da euskeraren kontseilua sortzea. Bertan, eragile ezberdinekin osatuko dugu hori eta noski Udaleko euskera zerbitzuak kudeatuko ditu kontseilu honetan hartzen diren erabakiak». 

Hitzarmenari dagokionez, Mingok azaldu zuen 16 eta 18 urteko gazteentzat bideratutako laguntza berri bat dela, non gazteek C1 maila ateratzeko 20 euroko matrikula ordaindu beharko duten: «Modu honetara gazteak euskerara hurbildu nahi ditugu. C1 mailara gerturatzea da asmoa, titulua lortu nahi dutenentzat edota C1 maila bereganatu nahi dutenentzat».

Bide publikoetako terrazei buruz ere jardun zuten asteartean, eta aho batez onartu zuten salgai dauden produktuen erakuslekuak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantzari buruzko alegazioak jartzeko epea luzatzea 15 lan egunez. 

 
Etxebizitzei buruzko mozioa, aho batez onartuta

Stop Kaleratzeak plataformako kideek mozioa aurkeztu zuten astearteko plenoan, Hernaniko Udalari eskatuz Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola Hernani tenkatutako eremu izendatzeko: «Etxebizitzen alokairuen prezio garestiengatik eta Etxebizitzari buruzko Estatuko Legeak eremu horietarako arautzen dituen mugengatik». EH Bilduren, Podemosen, PSE-EEren eta EAJren aldeko bozkekin, aho batez onartu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!