111 ikasle berrirekin hasi du ikasturtea, Galarretako Mondragon Unibertsitateak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 00:00

Hasi dute dagoeneko ikasturte berria, Mondragoneko ikasleek.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Galarreta (Orona Ideo) EKO campusak,  ingeniaritzako 111 ikasle
berrirekin hasi du ikasturtea. Eta aitortu dute, 2023-2024koa ikasturte berezia izango dela, «hamar urte beteko baitira campusa martxan jarri zenetik. Sorreratik, 1.200 gazte trebatu dira, bertan, zientziaren eta teknologiaren alorrarekin lotutako tituluetan. Aurten, zehazki, 300 ikasle hartuko ditu campusak, 200 gradutan eta 100 masterretan. Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko enplegagarritasun-daturik onenak ditu Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, % 95eko okupazioarekin».

Galarreta (Orona Ideo) EKO campusak laborategiak eta puntako ekipamendu teknologikoa dituela ere azaldu dute: «ikasleek praktikak, enpresentzako berrikuntza-proiektuak eta ikerketa-jarduerak egiten dituzte bertan, unibertsitateko beste ikerkuntza-talde batzuekin elkarlanean. Graduko, masterreko eta doktorego-programetako ikasleak aritzen dira jarduera horietan, prestakuntza-programa guztiak dualak edo enpresen beharrei lotutakoak baitira». 

Era berean, Mondragon Unibertsitatearen apustuetako bat da, emakumeen talentua erakarri eta horren alde egitea: «Galarreta (Orona Ideo) EKO campusera etorri diren ikasle berrien, %29 emakumezkoak dira. Urtean zehar, industrian eta teknologiaren eremuan lan egiten duten emakumeak ageriko egiteko jardueretan aritzen da unibertsitatea hainbat eskola, zentro, udal eta enpresekin batera, ehunekoa parekatzeko helburuarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!