'Hitz-Andana' jaialdiak hartuko du Hernani bihartik igandera. Hitzarekin lotutako ekitaldi eta jarduera ugari antolatu dituzte ekimenaren barruan, Hernaniko Udalaren eta zenbait eragileren arteko elkarlanean.
Bihar 'Mare ilargiari poemak' errezitaldi musikatuak estreinatuko du Hitz-Andana jaialdia. Jon Martinek gidatuko du saioa, eta oholtzakide izango ditu Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Asier Serrano eta Jose Luis Otamendi poeta ezagunak. Haiekin batera, herriko zenbait gazte arituko dira poesia liburuko olerkiak irakurtzen, Edurne Saizarrek irakurraldia pianoaren doinuz laguntzen duen bitartean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da errezitaldia, Biterin. Sarrera librea da baina gonbidapenarekin bertaratu behar da.
Etzi, berriz, tabuak hautsiko dituzte; izan ere, Iñurri minbiziaren aurkako elkarteak antolatuta, bertso saio musikatua eskainiko dute Alaia Martin, Maialen Akizu, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariek, Amaia Agirreren gidaritzapean eta Iñurrikide batzuen laguntzarekin.
Igandera arte, Hitz-Andana
Ostiralean GenErorantz dantza emanaldia eskainiko dute Kimua dantza kolektibo taldeko kideek, 19:30etan hasita. Larunbatean Doberak antolatutako Liburu eta Disko azokak hartuko du protagonismoa; eta aldiz, igandean itxiko du Hitz-Andana, Poemolly ludopoesia saioak, 12:00etan.