Ipuin kontaketak, eta liburu eta disko aurkezpenak larunbatean, Doberaren III. Liburu eta Disko Azokan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 00:00

Adin guztientzako liburu eta diskoak izango dira erosgai, Dobera Euskara elkarteak antolatutako III. Liburu eta Disko Azokan.

Hirugarren edizioa izango du Dobera Euskara Elkarteak antolatutako azokak. Atsegindegin izango da, eta goizeko 11:00etatik aurrera irekiko dira ateak. Diskoei ere egingo diete tokia aurtengoan.

Larunbatean, hirugarrenez egingo dute Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Dobera Eukara Elkartearen eskutik. Aurten gainera, izenak erakusten duen moduan, diskoak ere erosgai izango dira. Goizez eta arratsaldez izango da III. Liburu eta Disko Azoka, Atsegindegin, ondorengo ordutegian: 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 19:30etara. Doberak adierazi du sarrera doakoa dela.

Diskoak ez ezik, berrikuntza gisa, Doinuele, euskara hutsezko plazen sarea proiektua jarri dugu martxan, beste herrietako 7 elkarterekin batera. Euskal literatura eta musikagintza sustatzea da Doinueleren helburua; eta programatutako ekitaldien artean dago, besteak beste, Doberak antolatu duen azoka.

Azokari esker euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskainiko zaie herritarrei, beste behin. Euskal Herriko liburugintzaren eta musikagintzaren ekoizpena ezagutzera emanez, Euskal kultura sustatuz eta indartuz. 

Aurten, inoiz baino postu gehiago egongo dira ikusgai, 17 postu ezberdin: Dobera Euskara Elkartea, Alberdania, Gaitzerdi Estudioa eta Zapotxin, Susa literatura, Katakrak, Txalaparta, HERRIMA Argitalpenak, Harriet Ediciones, Hernani Errotzen, ARGIA, Hernaniko musikariak (Bitartean, Hego haizea, Arbasoak, Trio Zukan, Ainara Ortega, Incansables), Pamiela argitaletxea, 1545 Argitaletxea, Elkar, Erein, Igela eta Kantaita Enea.

 

Goizetik arratsaldera, aurkezpen ugari

Azokan liburuen eta diskoen postuak egoteaz gain, egun eta gune berean, euskal literaturarekin zerikusia duten ekitaldi ezberdinak antolatu ditu Doberak, adin eta mota guztietakoak, hain zuzen. Goizeko, 11:00etan izango da azokaren irekiera, eta 'Arpa magikoa' ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute Ane Artetxek, Amaia Irazabalek eta Amaia Ruiz de Galarretak. Jarraian, hiru liburu aurkeztuko dituzte: Jakoba Errekondoren 'Ilargia eta landarena 2024 agenda'; 'Sendabelar baratzea' Garbiñe Larrearena eta Mikel Mendizabalen 'Euskara orain-eraginkortasun helburu'. Goizeko aurkezpenei amaiera emango diete Bitartean Folk taldeak eta 'Musika eta hitza' irakurraldi musikatuak. Arratsaldean, berriz, ondorengoak izango dira ikusgai: 'Zapotxin' diskoaren aurkezpena; 'Amaiur! Libera State' liburuaren aurkezpena Asisko Urmenetak, Bertso Saio Literarioa Oihana Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Akizurekin; 'Oso latza izan da' liburuaren aurkezpena Xabier Madariaga eta Amagoia Mujikaren eskutik; eta azkenik, Karena taldeak diskoa aurkeztuko du, azokari itxiera emanez. Dobera Euskara Elkarteak aitortu du postuetan egileak ere egongo direla liburuak eta diskoak sinatzen, beraz, aukera aprobetxatzeko. Era berean, etxeko txikientzako txokoa ere egongo da, iaz moduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!