Ezkurra II eta Azpiroz izan dira nagusi Gross Txapelketa berezian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 00:00

Gross jaialdian txapela jantzi zuten Azpirozek eta Ezkurrak, LarraƱagaren eta Ansaren aurka.

'Silky' ordezkatuz, 2-0 garaitu zituzten Aldabe-Barrenetxea finalerdian eta Ansa-Larrañaga finalean. 

Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz izan ziren Gross Torneoko txapeldun, pasa den larunbatean. Silky izenarekin, jaun eta jabe izan ziren jokatutako bi partiduetan. Jaialdi berezia izan zen, Galarreta frontoian. Egun osoko jaialdia antolatu zen eta frontoiaren barruan ez ezik, kanpoan ere garagardoa, jatekoa eta musika izan ziren eguerdian hasita. Jai-Alai kontzeptua berreskuratu zuten, pelotaren inguruan sortutako festa, eta arrakastatsua izan zen. 

Erremonte jaialdian, Gross Txapelketa hasi eta buka jokatu zen lau bikoterekin. Grossen garagardo bana ordezkatu zuen bikote bakoitzak, eta Silkyren ordezkariak, Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz, izan ziren onenak. Finalerdian Bixi kanporatu zuten, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 10-9 eta 10-5 garaituz. Beste finalerdia Javier Urrizak eta Aritz Juaneneak osatutako Stickyk eta Imanol Ansaren eta Iban Larrañagaren Frisbik jokatu zuten, eta azken horiek nagusitu ziren, 8-10 eta 5-10. Beraz, finalean Ezkurra-Azpiroz eta Ansa-Larrañaga aritu ziren elkarren kontra.  

Finala ere hiru setetara jokatu zen, eta Ezkurrak eta Azpirozek 2-0 irabazi zuten, 15-13ko bi partzialekin. Nahiz eta bi setetan lortu txapela, set berdinduak izan ziren. Azkenean, garaipena Silky deiturarekin aritu zen bikoteak lortu zuen. 

Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdia, ostiral honetan

Bestetik, hiru egun besterik ez dira falta Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdirako. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta urtero moduan askotariko jarduerek girotuko dute erremontearen etxea, Galarreta. Erremonte partiduekin hasi aurretik, motorrak berotzeko, herritarren arteko herri kirolak izango dira, eta sortzaileen postuak, sagardo eta pintxo dastaketak eta Ttarla dantza taldearen emanaldiak ere osatuko dute, arratsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!