Larunbatean ospatu zen Hernanin Errebeldeak Fest jaialdiaren hirugarren edizioa. Egun osoko egitaraua antolatuta, kirol egokituan oinarritutako askotariko txapelketek bete zituzten herriko txokoak; saskibaloi, pala eta futbol partiduekin.
Txapelketa guztietan bildu zen jende dexente, eta giro ederra sortu zen ekintza guztietan. Aurtengo helburua ikuskizun erakargarriak prestatzea izan da, eta, dirudienez, jendeak erantzun ona eman du.
Antolatzaileek nabarmendu dute «inklusioaren alde lanean jarraitzeko» gogotsu daudela, eta ikusgarritasuna lortzea da xedeetako bat. Aurtengo edizioan erakundeetatik babes haundiagoa jaso dute, eta bide horretan urratsak ematen jarraitzea izango da datozen edizioetarako helburua.
Kirol txapelketez gain, kontzertuek ere ikusmira sortu zuten hernaniarren artean. Rock musikak dantzan jarri zituen bertaratutako zaleak.