Gaur bertan hasiko dira Energia eta Klima asteko jarduerak. Hernaniko energia berriztagarrien instalazioak ezagutzeko aukera izango da, Enherkom eta Goienerreko kideen eskutik. Zehazki, Zubipe futbol zelaiko instalazio fotoboltaikoa eta Fagollagako estazio hidroelektrikoa bisitatuko dituzte. Bi ordu inguruko iraupena izango du gaurko jarduerak, eta instalazio horiei buruzko xehetasunak eta argibideak emango dituzte bertan.
Bigarren ekintza asteartean izango da, irailaren 26an. 'The biggest litte farm' dokumentala proiektatuko dute Biterin. Hiriko bizitza utzi eta landa eremura bizitzera joateko erabakia hartu duen bikote baten bizimodua narratzen du dokumentalak.
Irailaren 27 eta 28an mahai inguruek hartuko dute lekukoa. Asteazkenean 'Klima aldaketa ikuspegi feministatik' hitzaldia eskainiko dute Kulturarteko Plaza Feministan. Hala, bi auzien arteko loturak, elkarguneak eta kalteak aztertuko dituzte, hausnarketa sustatzeko asmoz. Ostegunean, aldiz, 'Energia komunitateak eta autokontsumo kolektiboa' hitzaldia izango da; Goienerreko eta Enherkomeko kideek emango dituzte azalpenak bertan.
Azkenik, 'Niararen bidaia' haur antzerkiarekin itxiko dute aurtengo egitaraua, hilaren 30ean. Ikuskizunaz gozatzeko gonbidapenak eskuratu behar dira kultura.hernani.eus webgunean edo Biteri Kultur Etxeko lehiatilan