Eguraldiaren gisan, giroak argitzera egin zuen pixkanaka Karabeleko Festetan. Atzo ospatu zuten auzoko jaietako egun haundia, eta jende ugari bildu zen antolatutako ekintzetan.
Haurrak izan ziren goizeko protagonistak. Pedalik gabeko ibilgailuen zirkuitua osatu zuten atzo ere, 0-5 urte bitarteko haurren gozamenerako. Ondoren, aurpegi pintaketa, puzgarriak eta buruhaundiak izan ziren Karabelen.
Eguerdi partean hasi zen jendea gehixeago mugitzen. Trikitilarien laguntzarekin, sagardo dastaketa, patata tortilla eta bizkotxo lehiaketa eta toka txapelketa egin zituzten. Jende ugari animatu zen sagardoa probatzera, eta giro polita sortu zuten parkean.
Bien bitartean, usain goxo batek bete zituen Karabelgo txoko guztiak. Hiru paellera haunditan, bazkarirako jakiak prestatzen aritu ziren zenbait auzokide, eta arratsaldeko ekintzetarako indarrak hartzeko moduko otordua prestatu zuten.
Festak, dantzak eta musikak ez zuten etenik izan
Parrandazaleenentzat prestatutako arratsaldea izan zen atzokoa. Mota guztietako ekintzekin, haurrek, gazteek eta helduek gozatu zuten Karabelen. Jolaserako tartea ere topatu zuten batzuk.
Iluntzearekin batera, zezensuzkoak eta su artifizialek iragarri zuten festen amaierako traka. Hala ere, goizaldeko 02:00ak arte luzatu zuten parranda, DJ Nemuxek jarritako musikarekin.