Energia eta klima erdigunean, etzitik

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00

Bihartik hilaren 30era Udaleko Ingurumen sailak zenbait ekintza antolatu ditu, Energia eta Klima Astearen bueltan.

Bihartik aurrera, Energia eta Klima Astean murgilduko dira hernaniarrak, Euskadiko Asteklimaren baitan. Hilabeteko azken egunera arte Udaleko Ingurumen sailak zenbait ekintza antolatu ditu, energia eta klimaren bueltan. 

Adin guztietako hernaniarrentzako egitaraua prestatu dute eta ekintza guztiak doakoak direla jakinarazi du Udaleko Ingurumen sailak: «hala ere, horietako batzuetan parte hartzeko izena eman behar da edo gonbidapenarekin bertaratu».

Aurreneko ekintza, beraz, bihar izango da: Hernaniko energia berriztagarrien instalazioa ezagutzeko bisita. Ekintza honetan, Zubipe futbol zelaiko instalazio fotoboltaikoa eta Fagollagako estazio hidroelektrikoa ezagutzeko aukera izango dute herritarrek,  Eneherkom eta Goinerreko kideekin batera. Doako autobus zerbitzua eskainiko dute leku batetik bestera joateko eta bisitak bi ordu inguruko iraupena izango du.  20 lagunentzako toki mugatua dagoenez, Ingurumen sailak dio aldez aurretik izena eman behar dela, ingurumena@hernani.eus helbidera idatzita, edota 943 33 70 31 telefonora deituta.

Hurrengo asterako, berriz, jarduera gehiago antolatu dituzte. The biggest little farm dokumentalaren proiekzioa, datorren asteartean izango da, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Dokumental honek, hiriko bizitza utzi eta landa eremura bizitzera joateko erabakia hartu duen bikote baten bizimodua kontatzen du. Mahai inguruan, berriz, Goiener eta Enherkomeko kideek landuko dute klima aldaketa ikuspegi feministatik. Hori datorren asteazkenean izango da, arratsaldeko 18:30etan, Kulturarteko Plaza Feministan. Ostegunerako berriz, Energiari buruzko hitzaldia antolatu dute, 19:00etan, Biterin.  Energia eta Klima Asteko azken ekintza, etxeko txikientzako izango da, Niaren bidaia antzezlana ikusteko aukera izango baitute. Eguerdiko 12:00etan hasiko da emanaldia, Biterin, eta 3 urtetik gorakoentzako zuzendutakoa da.

Dokumentala eta antzerkia ikusteko, gonbidapenak eskuratu beharko dituzte herritarrek, eta aldiz, mahai-ingururako eta hitzaldirako sarrera librea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!