«Gozatzeko eta jende berria ezagutzeko gogoz etortzeko esango genieke gaztetxoei»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00

Txikitatik aritu dira Hernaniko Bertso Eskolan Iker Ormazabal 'Tturko' eta Oier Iurramendi.

Ume umetan hasi ziren Oier Iurramendi eta Iker Ormazabal 'Tturko' hernaniarrak Bertso Eskolan. Bertsotan aritzeko trebatzeaz gain, beste zenbait gaitasun lantzeko baliotsua dela nabarmendu dute biek, jolasetik abiatutako saioen bitartez.

Hasteko, nola definituko  zenukete Bertso Eskola? Zer ezkutatzen da horren atzean?

OIER: Osagai asko dauzkala esango nuke. Oinarrizkoena bertsolaritza ezagutzeko eta jolasteko toki bat dela esatea da, baina askoz gauza gehiago lantzen dira. Bertso mundua deigarria egiten zaion eta bertsozalea den jendearen elkargunea da. 

TTURKO: Nik, kokalekuaz gain, talde bat dela esango nuke. Bertso Eskola martxan dago talde bat daukalako atzean, martxan jarraitzen duena bertsoaren inguruan lan egiteko. Horrelaxe irudikatzen dut nik. 

 

Haurrek ere taldean ikasten dute bertsotan. Zein izaten da  klaseetako dinamika? 

T: Asteroko klaseetako helburu nagusia haurrak eta gaztetxoak gustura etortzea da; bertsotan ikastea ere bai, baina, batez ere, gustura aritzea. Horretarako klaseak jolasetatik planteatzen ditugu. Ariketa xinpleetatik hasi ohi gara eta bestelako gauzekin uztartzen dugu saioa. Izaera ludikoa dute klaseek. 

O: Hori da. Ariketa ezberdinak planteatzen dira; bertso zaharrak abestea, bertso saio jakin batzuei buruz hitz egitea, errima lantzea, arrazoitegia eta ideiak lantzea... Horixe da abiapuntua, baina ez dago guztia bertsoaren lanketari zuzendua. 

 

Zer gehiago landu daiteke bertsoen bidez?

O: Gauza asko ikasten dira. Hizkuntza lantzen da, gure herriaren historia ikasten da, komunikatzen ikasten da, jende aurrean kantatzeko ohitura lantzen da... Bertsoa da horiek lantzeko erabiltzen dugun oinarria, baina bizitzarako ere gaitasun garrantzitsuak dira. 

T: Bai, bai. Bat batekotasunaz gain, ahozkotasuna, hizkuntza, trebetasun sozialak eta musika lantzen direla esango nuke. Azkenean, euskeraz sortutako ahozko jarduna da, eta jendeari abesten diozun bitartean jendearekin abestu behar duzu. 

O: Nabarmendu behar dugu Bertso Eskolara joaten diren guztiek ez dutela bertsolari izateko helburua. Bertsoarekin gozatzera joaten dira, besterik gabe. Eta, horrekin batera, hizkuntzarekin, herri mugimenduekin eta gizartearekin lotutakoak ere lantzen dituzte. 

 

Jende aurrean abesteari dagokionez, klaseetako lana ekitaldien bidez osatzen duzue?

T: Aipatutako trebetasunen barruan doa. Bilakaera hori progresiboki egiten da, baina ez da bakarrik jende aurrean abestea. Zaku berean sartzen da bertso saioetara joatea, horiek ikustea, jakitea zein den entzulearen rola, bertsolariena... Horrela, kantatzen duten egunean, badakite nola funtzionatzen duen guztiak. Hori pixkanaka lortzen da, pausu txikiak ematen. Bertso Eskolak eskaintzen dituen aukeretatik hasita, klasean ere lantzen delako jende aurrean jardutearena. 

O: Hala da, oso pixkanaka doan kontua da. Bertso Eskolara 10 edo 11 urterekin iristen diren gaztetxoentzat ez da erraza izaten, oraindik guztiz kontrolpean ez daukazun zerbait jenderari kantatu behar diozulako klasean bertan. Horregatik mantxo joatea komeni da, konfiantza hartzen joateko. Klasekideei kantatzea da lehenengo urratsa; ondoren, ikasitako antzerki bat edo bertso jarrien saio bat eskaintzea gurasoei; gerora Eskolarteko Txapelketara animatzea... Ez dakit, bakoitzak bere bidea egiten du, baina pausuz pausu joaten gara. 

 

Klaseko lanaz gain, bestelako jarduerak egiten dira?

O: Bai, ikasturte osoan zehar asteroko klasetik eta ikasgelatik kanpoko ekitaldiak ere egiten ditugu. Adibide modura, izan daiteke eskualdeko beste Bertso Eskoletako kideekin biltzea, bertso saioetara joatea, ekitaldi jakin batzuetan parte hartzea... Horrek bertso munduko jendearekin erlazioak sortzeko balio du, interes antzekoak dituzten gazteekin harremantzeko. Ikasturtea bukatuta ere Bertso Udalekuak izaten dira; beraz, urte guztian dago jarduera horietan parte hartzeko aukera. 

T: Garrantzitsuak izaten dira horrelako ekintzak, Bertso Eskolako jarduna klaseko orduetara bakarrik ez mugatzeko. Aipatutakoez gain, urtean pare bat otordu ere egiten ditugu bertsolari ezagunekin, haurrek haiek ezagutzeko eta aritzeko aukera izan dezaten. Asteburu pasa bat ere antolatu ohi dugu. 

 

Zuek ere umetan hasi zineten Bertso Eskolan. Zer esango zeniokete hastear dagoenari?

T: Ni, hasiera hasieran, bertsoa gustuko nuelako joan nintzen Bertso Eskolara, baina bertan mantendu ninduena talde giroa izan zen. Lagunartean joaten ginen klasera, lagunartean abesten genuen, eta sozializatzeko aukera ematen dizu. Hasiko diren edo zalantzan daudenei esango nieke gozatzera etortzeko, eta, noski, jende berria ezagutzeko gogotsu. 

O: Ni ere oso umetan hasi nintzen, zortzi urterekin, eta gaur arte. Nik edonor animatuko nuke etortzera; bertsoak edo bertsolaritzak interes minimo bat pizten dionari animatzeko esango nioke. Normalean, etortzen direnak geratu egiten dira, ez dira damutzen, eta adierazgarria da hori. Beraz, etor daitezela datorren ostiralean Biterira. Lagun talde haundi batekin egingo du topo bertan.

 

Zabalik dago jada Hernaniko Bertso Eskolan izena emateko epea

Izena hernanikobertsoeskola@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke. Irailaren 29an Biterin apuntatzeko aukera ere izango da.

Ikasturte berria martxan jarri da dagoeneko, eta segituan zabalduko ditu ateak Hernaniko Bertso Eskolak. 2023-2024 ikasturtea berritasunez josita iritsiko da, eta jarduera ugari egiteko aukera izango dute bertan dabiltzan haur, nerabe eta gazteek.

Izena emateko epea zabalik dago jada, eta bi modu daude apuntatzeko: lehenengoa hernanikobertsoeskola@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idaztea da; bigarren aukera, aldiz, datorren ostiralean, hilaren 29an izango da. Egun horretan Biterin jarriko dira Bertso Eskolako kideak, apuntatzeko aukera eskaintzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!