Euskera ikasteko eta hobetzeko deia, Udalak, euskaltegiek eta Doberak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00

Doberako, Udal Euskaltegiko, Udaleko eta AEK Euskaltegiko ordezkariak.

Euskera ikasteko bidea errazteko, Hernaniko Udalak euskera ikasten duten herritarrentzako diru laguntzak emango ditu. 

Dagoeneko irekita dago matrikulazio epea Hernaniko AEK Euskaltegian eta Udal  Euskaltegian. Hori horrela, ostegunean bildu ziren Hernaniko Udala, euskaltegietako zuzendariak eta Dobera Euskara Elkarteko ordezkariak, hernaniarrek euskera ikasteko edo hobetzeko eskura dituzten zerbitzuen eta dirulaguntzen berri emateko. 

Hitza hartu zuen aurrena Asier Mingok, euskara eta hezkuntzako zinegotziak, eta bereziki helduei eta etorri berriei egin die euskerara hurbiltzeko gonbitea: «azken datu soziolinguistikoek azaltzen dute Hernani geroz eta euskaldunagoa dela, herritarren %75 euskalduna edo ia euskalduna baita. Euskaldun kopuru handiena haur eta gaztetxoen artean dago. 24 urtez gorakoen artean jaitsi egiten da euskaldun eta ia euskaldunen kopurua». Horrenbestez, Mingok azaldu du Hernaniko Udalak uste duela «funtsezkoa» dela helduak euskerara hurbiltzea.

Era berean, Hernaniko Udalaren erronketako bat da etorri berriak ere euskerara hurbiltzea, hala azaldu zuen Mingok: «Geroz eta gehiago dira ingurutik edo urrunagotik Hernanira datozenak.  Euskera hurbildu nahi diegu horiei ere, gure herrian eroso senti daitezen». 

Hori dela eta, euskera ikasteko bidea errazte aldera, Hernaniko Udalak diruz lagunduko ditu euskera ikastera edota hobetzera animatzen diren hernaniarrak. Matrikularen %70 eta %90 artean, bere gain hartuko du. 

 

C1 mailarako dirulaguntza berria, 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat

Hernaniko euskaltegietan, hau da, Udal Euskaltegian eta AEK Euskaltegian, irailaren 29ra arte egongo da matrikulatzeko aukera.  Batean zein bestean maila guztiak eskainiko dituzte eta ikasteko modu ezberdinak ere egongo dira.  

Gainera, aurten 16 eta 18 urte bitarteko gazteek 20 euroren truke C1 ikasmailan ikasteko aukera izango dute, bai Udal Euskaltegian bai eta AEK-n, HABEk lagunduta. 

Udal Euskaltegiak aditzera eman du, idazmen azterketarako laguntza eskainiko diela herritarrei, datorren astean: «HABEren bigarren deialdiko B1, B2 eta C1 mailara aurkezteko asmoa duten herritarrentzat idazmen azterketarako laguntza eskainiko dugu datorren ostegunean, Hernaniko Udal Euskaltegian. Egun horretan, 10:00etatik 12:00etara edo 18:30etatik 20:30etara zabalik izango dugu euskaltegia eta edozein unetan hartatuko ditugu herritarrak. Irakasleek idazmen azterketa gainditzeko hainbat aholku emango dituzte».

Informazio gehiago nahi izanez gero, Hernaniko euskaltegiek nabarmendu dute ateak irekita dauzkatela. Eta Euskaltegien webguneetan ere matrikulazioari buruzko informazio ugari aurkitu daiteke: euskaltegia.hernani.eusen eta aek.eusen. 

 

Doako zerbitzua, Doberak 

Dobera Euskera Elkarteak, aurten ere Mintzalaguna egitasmoa jarriko du martxan: «Euskera praktikatu nahi dutenen eta euskeraz ongi moldatzen direnen elkargunea da» azaldu zuten Doberako ordezkariek. Dagoeneko talde batzuk osatuak daude, eta eremu informaletan elkartzen dira, izan kafe baten bueltan, edota mendi buelta batean. Taldeak sortuta badaude ere, talde gehiago sortzeko borondatea azaldu zuen Doberak. 

Mintzalagunerako izenematea urrian izango da eta doako zerbitzua dela azpimarratu zuen ostegunean Doberak. Mintzalagunean izena emateko interesa duena dagoeneko hurbildu daiteke Dobera Euskara Elkartearen bulegora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!