Atzo arratsaldean bota zuten Karabelgo festak iragartzeko suziria, eta txupina lehertu bezain pronto, Karabelgo buruhaundiak irten ziren auzotarren bizkarrak berotzera. Haurrentzako jokoak ere jarri zituzten, eta arratsaldeko 19:00etan danbor hotsek hartu zuten protagonismoa. Gau aldera, musikak hartu zuen lekukoa, eta auzotar batzuk dantzan jarraitu zuten, ordu txikiak arte.
Gaur goizetik hasiko da festa Karabelen, izan ere, dianak eta kalejirak auzoko txokoak zeharkatuko dituzte. Eta jarraian, txikien txanda izango da; pedalik gabeko ibilgailuen zirkuituan ibiliko dira, aurrera eta atzera. Antolatzaileek ohartarazi dute, bakoitzak bere ibilgailua ekarri beharko duela. Goizeko 11:00etan, berriz, aurpegiak margotzeko tartea izango dute txikiek eta gaztetxoek, eta puzgarriak ere ondoan izango dituzte, zilipurdika ibiltzeko. 11:30ak inguruan, buruhaundiek hartuko dute lekukoa, berriro ere auzotarren bizkarrak berotzeko asmotan.
Eguerdiko 12:00etan, zita garrantzitsua dute askok; izan ere, sagardo dastaketarekin batera, tortilla eta bizkotxo lehiaketak jokatzeaz gain, toka txapelketan ere arituko dira, giro ederrean. 14:00ak inguruan bilduko dira Karabelgo auzotarrak paella eder batez gozatzeko eta bapo bazkaltzeko.
Iaz moduan, Karabelgo festen protagonista nagusietako bat izango da bingoa, urtero auzotar ugarik hartzen baitute parte, eta 15:30etan izango da hori.
Arratsaldeko 16:00etan, Apaxi ipuin kontalariaren bisitaz gozatzeko aukera izango dute txikiek, eta baita gurasoek ere, Apaxiren kontakizunekin barre algara gehienak botatzen dituztenak izaten baitira. Ordubete beranduago, aparrak estaliko du Karabel, antolatutako apar festarekin, eta mugimenduak sortutako gosea asetzeko, txokolatada ederraz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, arratsaldeko 18:00etan.
Aerorumbarako tartea ere izango dute txikiek zein helduek gaur arratsaldean Jennyrekin, parkean. Haurrentzako jokoak ere jarriko dituzte auzoan; gainera, antolatzaileek sorpresa eder bat iragarri dute parte hartzaileentzat: «jolasetan parte hartzen dutenentzat goxokiak banatuko dira». Afaldu aurretik arratsaldeko azken jolasa egingo dute, 19:30etan, koilarak ahoan hartu eta arrautzak eraman beharko dituzte alde batetik bestera.
Afaltzeko hitzordua jarri dute 20:00etan, eta jarraian izango dira gaueko ekintzak, besteak beste, zezensuzkoa, DJ Nemuxekin musika, su artifizialak eta traka.
KARABELGO JAIAK
HERNANI
GAUR
10:00 Diana eta kalejira
10:15 0-5 urteko pedalik gabeko ibilgailuen zirkuitua (bakoitzak berea eraman).
11:00 Aurpegi margoketa eta puzgarriak
11:30 Buruhaundiak eta trikitilariak
12:00 Sagardo dastaketa.
Ondoren, Patata tortilla lehiaketa eta bizkotxo lehiaketa.
Jarraian, Toka txapeketa
14:00 Bazkari herrikoia. paella
15:30 Bingoa
16:00 Apaxiren emanaldia
17:00 Apar festa, Tirolinaren parkean
18:00 Txokolatada
18:30 Aerorumba erakustaldia Jennyrekin (parkean)
Segidan, haurrentzako jokuak, eta parte hartzaileentzat goxokiak
19:30 Arrautzen jokoa (Tirolinaren parkean)
20:00 Bokatak txosnan
21:00 DJ Nemux
22:00 Zezen suzkoa
00:00 Su artifizialak eta traka multipistan
02:00 Festen amaiera
Tortilla eta bizkotxo lehiaketako irabazleak 2 lagunentzako menua irabaziko du Zubialde Tabenan.
Toka txapelketan, txapeldunarentzat garaikurra eta ardo botila.
Eta Arrautzen Jokoan, irabazleak dastatze lotea eramango du etxera.