«Jai-Alai kontzeptua berreskuratu nahi dugu bihar Galarretan; pelotaren inguruan sortutako festa bat»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 22a, 12:24

Txapelketan ariko diren lau erremontista, Andoni Galdosekin eta Xabier Gonzalezekin batera, aurkezpenean.

Gross Txapelketaren aurreneko edizioa antolatu dute garagardo enpresak eta Oriamendik elkarrekin. Egun osoko festa izango da bihar, eguerdiko 12:00etan hasita: garagardoa, jatekoa, erremontea eta disko jartzaileak.

Jaialdi berezia izango da biharkoa, Galarreta frontoian. Oriamendik eta Gross garagardo enpresak elkarrekin antolatuta, egun osoko festa prestatu dute, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Frontoiaren barruan ez ezik, kanpoan ere izango da zerekin gozatua, karpa montatu baitute: garagardoa, jatekoa eta musika izango dira bertan, eguerdian ateak irekitzen dituztenetik. «Jai-Alai kontzeptua berreskuratu nahi dugu, pelotaren inguruan sortutako festa bat», adierazi dute.

Arratsaldeko 15:30etan hasiko da erremonte jaialdia, Gross Txapelketarekin. Hasi eta buka jokatuko dute, lau bikoterekin. Grossen garagardo bana ordezkatuko du bikote bakoitzak: 'Bixi' izango dira Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea; 'Silky', Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz; 'Sticky', Javier Urriza eta Aritz Juanenea; eta 'Frisbi', Imanol Ansa eta Iban Larrañaga. 

Punta-puntako erremontistak ariko dira, beraz; eta semifinalekin ekingo diote: Aldabe eta Barrenetxea, Ezkurraren eta Azpirozen kontra; eta Urriza eta Juanenea, Ansaren eta Larrañagaren kontra. Bi set jokatuko dituzte, 10 tantora; eta set bana irabaziz gero, bost tantora jokatuko dute desenpatea, hirugarren setean. Bi bikote irabazleak ariko dira finalean, ia segidan.

Bitxia izango da kantxak hartuko duen itxura ere, kamixeta bereziekin ariko baitira erremontistak: ohiko gorriaren eta urdinaren lekua hartuko dute kamixeta koloretsuek, eta ordezkatutako garagardoaren latako koloreak izango dituzte soinean pelotariek.

 

Berrikuntzei segida, 
biharko jaialdiak

Azkenaldian apustu garbia egin du Oriamendik, berrikuntzen alde; eta horiei segida emateko balioko du biharko jaialdiak: «Beti egon gara berrikuntzen alde, eta Grossek proposamena egin zigunean, garbi ikusi genuen aurrerapauso bat izango zela», nabarmendu zuen Oriamendiko Xabier Gonzalezek, ostegun arratsaldean egin zuten aurkezpenean.

Bertan izan zen Gross enpresako Andoni Galdos ere, eta aitortu zuen «ilusio haundia» egiten diela Galarretan bere tokia izateak. Enpresaren 10garren urteurrena ospatzeko antolatu dute festa, frontoia erdigune hartuta: «Erremontea sekulako ikuskizuna da, eta gure 10 urteko ibilbideari txapela jartzeko modu ezin hobea izango da jaialdi hau. Giro ederra izango dugu, frontoi barruan zein kanpoan», aurreratu zuen.

Frontoiaren barruan, erremontistek jarriko dute saltsa, maila haundiko partiduak jokatuta. Kanpoan, berriz, festa giroa izango da nagusi: «11 garagardo izango dira aukeran, jatekoa ere prestatuko dugu, eta disko jartzaile onenak ekarriko ditugu».

Hain juxtu, erremonte jaialdia bukatu eta berehala, 18:00ak aldera, hasiko dira disko jartzaileak kanpoko giroa pizten: Brava, Manci, Tronis eta Kiliki Frexko izango dira disko jartzaileak. Gaueko 23:00ak arte luzatuko da festa, karpan.

Partiduak jokatu bitartean, eten egingo dute kanpoko festa, garagardoa edo mokadua hartzera atera nahi duenak horretarako aukera izango duen arren: nahi adina aldiz atera eta sartzeko aukera izango dute bertaratuek. «Baina jaialdiak iraun bitartean, erremontea protagonista izatea nahi dugu, festa frontoi barruan izatea. Gero aterako gara kalera, jaiarekin jarraitzera», azaldu zuen Galdosek.

Prestatu duten festa egunarekin pozik agertu zen Imanol Ansa urnietarra, Buruz Buruko Txapelketa irabazi berri duena: «Horrelako zerbait antolatzen denean, beti nahi duzu zure maila onena eman, eta txapelketa polita jokatzen saiatuko gara, zaleek gozatzeko».

 

Sarrerak salgai, interneten 
edo takillan bertan

Jaialdirako sarrerak salgai daude oriamendi.eus webgunean, eta frontoiko takillan ere izango da horiek eskuratzeko aukera. Bi sarrera mota ezberdin jarri dituzte aukeran: bata 15 euroan, jaialdirako sarrera soilik; eta bestea 25 euroan, sarrerarekin batera edalontzia eta 10 token dituena. Horiekin, garagardoa erosteko aukera izango da, eta 1, 2 edo 3 token balioko dute garagardoek. Festan bertan, 2 euroan erosi ahal izango da token bakoitza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!