Elkarretaratzea deitu du Buruntzaldeko Ernaik, gaur arratsalderako, Aitor Zelaia eta Galder Barbado arabarren askatasuna eskatzeko. Hernaniko Plazan izango da, 18:30etan hasita.
«Atxiloketatik lau urtera eta epaiketatik bi urtera, Auzitegi Gorenak berreitsi egin du bi gazte arabarrei Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko kartzela zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa. Ez dugu hori onartuko», adierazi du Ernaik, prentsa ohar baten bidez. Kasuaren nondik norakoak ere azaldu ditu: «2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Duranan, eta arduradunak aurkitzeko ikerketa abiatu zuen. 2019ko otsailaren 7an, Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu zituen, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Duranako 'zuloaren' ardura egotzita. Espetxean ia sei hilabete igaro ostean, 2019ko uztailaren amaieran behin-behinean aske geratu ziren biak, epaiketaren zain».
2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zuten epaiketa, Auzitegi Nazionalean: «Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion, eta otsailaren 2an, Auzitegi Nazionaleko epaileak lau urteko zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea egotzita». Absoluzioa eskatuz, helegiteak aurkeztu zituzten defentsako abokatuek, baina epaia berretsi du Auzitegi Gorenak.
Horren kontra azaldu da Ernai: «Ozen esan nahi dugu, auzi honetan ez direla bi gazte soilik epaitzen, herri honen borroka eta belaunaldi oso baten konpromisoa kriminalizatu nahi dira».