Auzoko jaien lekukoa hartuko dute gaurkoan, Karabelgo auzotarrek. Gaur eta bihar ospatuko dituzte Karabel auzoko jaiak, ekintza ugarirekin. Arratsaldeko 17:00etan botako dute txupina festei hasiera emateko, eta segidan aterako dira auzoko buruhaundi txikiak, maxkuriak eskuetan dituztela, bizkar eta ipurdiak bero-bero jartzera.
Danborrak astintzera ere aterako dira auzotarrak ondoren, 19:00etan, eta ordubete beranduago txosnan jarri dute hitzordua, denek elkarrekin bokatak afaltzeko. Afaldu ostean, berriz, kantatzeko tartea izango dute karaokera animatzen direnek, DJ Nemuxek lagunduta.
Bihar egun potoloa, eta goizetik gauera ekintza mordoa
Karabelgo Jaiek bihar izango dute jarraipena, eta ez dute aspertzeko tarterik izango bertaratzen direnek, jarduera ugari antolatu baitituzte. Goizean goiz hasiko da mugimendua auzoan, dianarekin eta kalejirarekin; 10:00etan, hain zuzen ere. Ordu laurden beranduago, 0 eta 5 urte bitarteko haurrek pedalik gabeko ibilgailuen zirkuituan hartuko dute parte, eta 11:00etatik aurrera jolaserako tartea ere izango dute, aurpegi margoketarekin eta puzgarriekin. 11:30etan, buruhaundiak aterako dira, eta jarraian protagonismoa hartuko dute sagardo dastaketak, patata tortilla eta bizkotxo lehiaketek, eta toka txapelketak.
Eguerdirako, berriz, elkarrekin bazkaltzeko hitzordua dute auzotarrek; eta segidan, kartoiak prestatu beharko dituzte, bingoan adi-adi jarduteko. Apaxi ipuin kontalariak ere egingo du Karabelera bisita, arratsaldeko 16:00etan. Eta ondoren, 17:00etan, aparretan murgilduko dira auzotar txikiak. Dantzatzeko aukerarik ere ez da faltako, bihar arratsaldean Jenny Perlazak eskainiko duen aerorumba saioarekin; eta jolasak izango dira ondoren, berriro ere. Gauean jarriko diote erremate borobila festari, zezen suzkoarekin, su artifizialekin eta trakarekin.
KARABEL AUZOKO JAIAK
GAUR, ostirala
17:00, Txupinazioa eta buruhaundi txikiak
17:30, Haurrentzako jokuak
19:00, Danborrada
20:00, Bokatak txosnan
22:00, Karaoke herrikoia, DJ Nemuxekin
01:00, Festa amaiera
BIHAR, larunbata
10:00, Diana eta kalejira
10:15, 0-5 urtekoen pedalik gabeko ibilgailuen zirkuitua (bakoitzak berea eraman)
11:00, Aurpegi margoketa eta puzgarriak
11:30, Buruhaundiak eta trikitilariak
12:00, Sagardo dastaketa
Ondoren, Patata tortilla lehiaketa eta bizkotxo lehiaketa. Irabazleek bi laguntzako menua irabaziko dute, Zubialde tabenan
Jarraian, Toka txapeketa. Trofeoa eta ardo botila jasoko du irabazleak
14:00, Bazkari herrikoia (paella)
15:30, Bingoa
16:00, Apaxiren emanaldia
17:00, Apar festa, tirolinaren parkean
18:00, Txokolatada
18:30, Aerorumba erakustaldia, Jenny Perlazarekin (parkean)
Segidan, haurrentzako jokuak, eta parte hartzaileentzat goxokiak
19:30, Arrautzen jokoa (yirolinaren parkean). Irabazleak dastatze lotea eskuratuko du
20:00, Bokatak txosnan
21:00, DJ Nemux
22:00, Zezensuzkoa
00:00, Su artifizialak eta traka multipistan
02:00, Festen amaiera