Kontatutako eta kantatutako istorioak izango dira 'Hitz-Andana' jaialdiko protagonistak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 20a, 00:00

'Hitz-Andana' jaialdiko ekitaldien antolatzaileak, aurkezpen prentsaurrekoan.

Poesia, bertsoak, literatura, dantza... Askotariko ikuskizunak antolatu dituzte Hernaniko Udalaren eta zenbait eragileren artean. Irailaren 27an hasiko da jaialdia, eta hitza izango da protagonista urriaren 1era arte.

'Hitz-Andana' jaialdiak hartuko du Hernani irailaren 27tik urriaren 1era. Hitzarekin lotutako ekitaldi eta jarduera ugari antolatu dituzte ekimenaren barruan, Hernaniko Udalaren eta zenbait eragileren arteko elkarlanean. 

Atzo goizean egin zuten jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoa, eta bertan izan ziren antolakuntza lanetan aritu diren elkarte eta erakundeetako ordezkariak: Aitor Huizi, Kultura zinegotzia; Marta Luxan, Hernaniko Kale Literaturako kidea; Nagore Zubitur, Dobera Euskara Elkarteko kidea; Ainara Aiestaran, Hernaniko Udal liburutegiko langilea; eta Amaia Agirre, Iñurri elkarteko kidea.

'Mare ilargiari poemak'

Jaialdia estreinatuko duen ikuskzuna 'Mare ilargiari poemak' errezitaldi musikatua izango da. Jon Martinek gidatuko du saioa, eta oholtzakide izango ditu Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Asier Serrano eta Jose Luis Otamendi poeta ezagunak. Haiekin batera, herriko zenbait gazte arituko dira poesia liburuko olerkiak irakurtzen, Edurne Saizarrek irakurraldia pianoaren doinuz laguntzen duen bitartean.

'Tabuen kutxatik oholtzara'

Bertsolaritzak ere tartea izango du hitza oinarri duen jaialdian, tarte berezia izango da gainera. Iñurri minbiziaren aurkako elkarteak antolatuta, bertso saio musikatua eskainiko dute Alaia Martin, Maialen Akizu, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariek, Amaia Agirreren gidaritzapean eta Iñurrikide batzuen laguntzarekin.

Agirrek berak azaldu du «ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik» sortutako elkartea dela Iñurri, eta ikuspegi horretan oinarritzen da saioa: «Gai jartzaile lanetan, ni ez ezik, gaixorik dauden emakumeak ere arituko dira. Euren esperientzietatik abiatzen dira gaiak».

Hitzezko azalpenaz gain, bertso batekin borobildu zuen hitzartzea Agirrek:

Inoiz entzun nahi ez den gai bat da
minbiziaren korpusa
Hustu ta soildu, ahultzen duena
burua eta gorputza
Dragon Khan, Dragon cancer bihurtuz
ta bertigoa goruntza
Tabu bidezko isiltasunak 
dakar minaren hizkuntza
Ireki ta berzikla dezagun
beldur ta mamuen kutxa
Sendagai emozionala denez
minak oholtzaratze hutsa
Enpatiatik besarkatzea
da elkarte honen funtsa
Iñurri baita babes sare bat
maitasuna ta laguntza

 
'GenErorAntz'

Kimua dantza kolektiboaren eskutik, dantza eta hitza uztartzen dituen ikuskizuna iritsiko da Hernanira. Genero ikuspegiaren inguruko lanketa egiten du 'GenEroRantz' ikuskizunak: «Dantza da protagonista, baina modu original horretan gaur egun bizi dugunari buruz hausnartzera eramango gaitu emanaldiak», azaldu du Aiestaranek.

Saioaren zuzendari artistikoa Kepa Errasti Gorroño da, eta hitzak Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak sortu ditu.


III. Hernaniko Liburu eta Disko Azoka

Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, hirugarren edizioa beteko du Hernaniko Liburu Azokak. Lehenengo berritasuna izenean antzeman daiteke; aurtengoan, liburuak ez ezik, diskoak ere izango baitira azokan. Gainera, hirugarren edizio hau 'Doinuele euskara hutsezko plazen sarea' proiektuaren programazio barruan sartuko da.

Zubiturrek azaldu du hazkunde haundia izan duela Liburu eta Disko azokak; 17 postu izango ditu aurten. Horiez gain, ekitaldiz jositako egitaraua ere ondu dute Doberako kideek, liburu aurkezpenekin, bertso saio literarioarekin edota kontzertuekin.

Doberaren helburua «euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskaintzea» da, «Euskal Herriko liburugintzaren eta musikagintzaren ekoizpena ezagutzera emanez».


'Poemolly: ludopoesia saio bat'

Jaialdiaren azken jarduerak ere lotura zuzena izango du poesiarekin, baita jolasarekin ere. Kale Literatura taldeak antolatuta, jolas parte hartzailea egingo dute, Itziar Ugarte Irizar idazlearen Gu gabe ere poesia liburua oinarri hartuta.

 

HITZ-ANDANA 2023

HERNANI

IRAILAK 27

19:00 'Mare ilargiari poemak' errezitaldi musikatua, Biterin.

IRAILAK 28

19:00 'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatua, Biterin.

IRAILAK 29

19:30 'GenErorAntz' dantza eta hitza uztartzen dituen
ikuskizuna, Biterin.

IRAILAK 30

11:00-14:30 eta 17:00-19:30 Doberak antolatutako III. Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Atsegindegin.

URRIAK 1

12:00 'Poemolly: ludopoesia saio bat' jolas parte hartzailea, Biteri aurreko plazan.


*Biteriko ekitaldietara joateko gonbidapenak eskuragarri daude Biterin eta kultura.hernani.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!