Energia eta Klima Astea igande honetan hasiko da, eta bost jarduera antolatu ditu udaletxeko Ingurumen Sailak. Adin guztietako herritarrentzat pentsatutako egitaraua ondu dute, eta ekintza guztiak doakoak izango dira.
Lehenengo saioa igandean bertan izango da, hilaren 24an. Bertan Hernaniko energia berriztagarrien instalazioak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek, Enherkomeko eta Goienerreko kideen azalpenekin. Besteak beste, Zubipeko instalazio fotoboltaikoa eta Fagollagako estazio hidroelektrikoa bisitatuko dituzte. Ekintza honetan plaza mugatuak daude; beraz, derrigorrezkoa izango da ostirala baino lehen ingurumena@hernani.eus helbidean edo 943 33 70 31 zenbakian apuntatzea.
Egitarauak datorren astean jarraituko du
Lau ekintza gehiago prestatu dituzte datorren asterako. Irailaren 26an 'The biggest little farm' dokumentala proiektatuko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan; irailaren 27an klima aldaketa ikuspegi feministatik aletuko dute Kulturarteko Plaza Feministan; 28an, Goienerreko eta Enherkomeko kideekin batera, energia komunitateak eta autokontsumo kolektiboa izango dituzte hizpide Biterin; azkenik, 30ean 'Naiararen bidaia' haur antzerkia eskainiko dute, hau ere Biterin.
Dokumentala eta antzerkia ikusteko gonbidapenak eskuratu beharko dira kultura.hernani.eus webgunearen bitartez edo Biteri Kultur Etxeko lehiatilan eskatuta.