Kirol egokitua eta musika nahastuko dira larunbatean, Errebeldeak Festen

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 19a, 00:00

Goizean kirolak hartuko du protagonismoa.

Goizeko 10:00etatik aurrera hasiko dira 'Errebeldeak Fest' ekitaldiko jarduerak.

Kirol egokitua eta Rock musika elkartuko dira larunbat honetan Hernanin. Errebeldeak Fest jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko da, eta, aurten ere, goizetik gauerako egitaraua ondu dute antolatzaileek. 

Goizeko 10:00etan ekingo diote kirolariek lehenengo ekintzari: 3x3 saskibaloi txapelketa. Erakundeetatik asko indartu den modalitatean jardungo dute, eta maila altuko partiduak izatea da antolatzaileen aurreikuspena. Goizeko bigarren ekintza Tilosetako frontoian izango da, pala egokituaren lehenengo saioarekin. 12:00etan adimen aniztasun funtzionala duten pertsonek jokatuko dute. 

Arratsalderako beste bi kirol jarduera utzi dituzte. Lehenengoa pala txapelketaren saioa izango da, gurpildun aulkiko kirolarien modalitateko partiduekin; eta bigarrena Genuine ligako Realaren eta Athleticen arteko norgehiagoka izango da. Kiroldegian jokatuko dute partidua, eta lehenengo mailan aritutako jokalarien bisita izango dute bertan. Aurtengo edizioan lehiaketa formatura aldatu dituzte ekitaldi guztiak. Antolatzaileek azaldu dute erakargarritasuna bilatzeko asmoz egin dituztela aldaketak. 

Musikari dagokionez, 'Motxila 21' taldea izango da kartelburua, inklusioa sustatzen duen talde erreferenteetako bat da eta; 22:00etan Irungo 'La bona dea' taldeak hartuko du lekukoa; eta, azkenik, Andoni Ollokiegik gidatutako 'El quinto contenedor' taldeak itxiko du jaialdiko egitaraua, 23:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!