Izenematea zabalik, datorren asteburuko espeleologia ikastaroan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 00:00

Bi saiotan eskainiko du espeleologia ikastaroa, Felix Ugarte Elkarteak.

Herritarrei zuzenduta, hastapen ikastaroa antolatu du Felix Ugarte Elkarteak, bi jardunalditan.

Hastapeneko espeleologia ikastaroa antolatu du Hernaniko Felix Ugarte Elkarteak, herritarrei zuzenduta. Datorren asteburuan izango da, irailaren 23an eta 24an; eta izenematea zabalik dago, elkartearen webgunean: felixugarte.org. Doakoa da ikastaroa, eta elkarteak jarriko du materiala eta mendiko asegurua ere. 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, baina plazak mugatuak dira, eta lehentasuna emango diete hernaniarrei.

Bi jardunalditan egingo dute ikastaroa, espeleologiaren oinarriak ezagutzeko. «Alpinismoaren lehengusua den arren, bere material eta teknika propioak ditu. Horiek izango dira ikastaroan ezagutu eta praktikatuko ditugunak, lurpeko paisaia ezkutu eta harrigarriak segurtasunez bisitatu eta esploratu ahal izateko», jakinarazi dute.

Horrela, lehenengo jardunaldian progresio bertikala (jumarrak eta jaitsierak soketan) ikasiko dute, «Santa Barbarak eskola gisa eskaintzen dizkigun bertikalak erabilita». Eta behin oinarrizko ezagutzak finkatuta, leize batean murgilduko dira bigarren jardunaldian, «ikastaroan barneratutako edukiak praktikan jartzeko». Herritar guztiei luzatu diete animatzeko gonbitea: «Ausartu zaitez esperientzia ahaztezin hau bizitzera!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!