Urumea ibaia garbitzeko zita jarri du Sagarreta taldeak, datorren larunbaterako

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 00:00

Haur eta heldu elkartu ziren iazko deialdian, ibaia garbitzeko prest.

Zubiondo poligonoaren inguruan egingo dute garbiketa, «uholdeak saihesteko sortu den ebakidura lehorraren eremuan». 09:30etan elkartuko dira, Karabelgo aparkalekuan.

Urumea ibaiaren garbiketa egiteko hitzordua jarri du Sagarreta Natur Taldeak, bigarren urtez. Datorren larunbatean izango da hori, eta oraingoan, ibaiaren beste eremu bat garbituko dute auzolanean: Zubiondo poligonoaren inguruan, «uholdeak saihesteko sortu den ebakidura lehorraren eremua», hain juxtu. Azaldu dutenez, «leku irisgarria eta segurua da, haurrekin aritzeko adibidez, Urumea ur askorekin baitator orain». Portuko errekan ere ariko da beste taldetxo bat.

Goizeko 09:30etan jarri dute elkartzeko zita, Karabelgo aparkalekuan; eta bertatik mugituko dira garbiketa egiteko gunera elkarrekin, lanean hasteko. Edonork hartu dezake parte, ibaiaren erriberan egingo baitira lan gehienak. Bertara azaltzeko asmoa dutenei, eskertuko diete aldez aurretik izena ematea, info@sagarreta.eus helbide elektronikora idatzita.

Norberak eraman beharko du aldatzeko arropa eta oinetako egokiak, badaezpada ere; baina gainerako materiala, Sagarretak jarriko du: eskularruak, poltsak, erramintak... Azaldu dutenez, gainera, Udalaren laguntza izango du taldeak, azpiegiturari eta materialari dagokionez: edukiontziak jarriko ditu, hondakinen kudeaketa egokia egiteko.

Hernanin ez ezik, beste hainbat herritan ere egingo dituzte ibai garbiketak larunbatean bertan, elkarrekin antolatu baitute ekimena Baso Biziak plataformako hainbat elkartek. 

Taldeko bilerak, martxan

Sagarretak jakinarazi du, bestalde, dagoeneko martxan direla taldearen bilerak ere. Hilabeteko lehenengo eta hirugarren aste­azkenetan izango dira, arratsaldeko 18:00etan Iturolan; eta irekiak dira edonorentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!