Iraila hasi berritan, borrokara bueltatu zen pentsiodunak Hernani, beste hainbat herritan eta hiritan bezala; eta horretan segiko dute aurrerantzean ere: bihar egingo dute ikasturteko hirugarren elkarretaratzea, eguerdiko 12:00etan, Plazan.
1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko eskakizuna izango da protesten muina, beste behin. «EAEko eta Nafarroako legebiltzar eta gobernuei eskatuko diegu gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea, pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatzeko neurri zehatzak hartu behar direla salatuz eta eskatuz», adierazi dute Gipuzkoako eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduek. Eta era berean, aurreratu dute «manifestazio garrantzitsuak» deituko dituztela Gasteizen eta Iruñean, bi hirietako parlamentuen aurrean elkartzeko.
Eskaera hori bera egin diete Espainiako Gobernuko alderdiei ere. «Premiazkoa da eskaera horiei bidezko erantzun egokia ematea, eta horrela eskatuko diogu inbestidura saiotik aterako den estatuko gobernuari zein kongresuko talde parlamentarioei».
Hego Euskal Herriko lau hirietan eta 110 herritan ari dira mobilizazioak egiten, dagoeneko.