Babes, atseden edo jateko bila Hernanin, dozenaka zikoina

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 17a, 00:00

Bi zikoina, farola banatan, Hernani eta Urnieta arteko errotondaren inguruan.

Zikoina ugari agertu ziren Kaxkoan eta inguruan, ostiralean, herritar askoren harridura eraginez.

Bolo-bolo zebilen kontua, ostiral arratsaldean: dozenaka zikoina agertu ziren Hernaniko Kaxko­an, parrokian, udaletxean zein Goiz Eguzki jubilatuen egoitzan pausatuta, besteak beste. Osi­ña­­ga auzoan egonda zeuden bez­peran, auzotarrek aditzera eman zutenez; eta Hernani eta Urnieta arteko errotondaren inguruan agertu ziren gero, farola banatan atseden hartzen. Hernaniko Kaxkora gerturatu ziren bertatik, haien hegaldiekin irudi ikusgarriak eskainiz. Zenbaitek aipatu dutenez, 200 zikoina inguru ere izan zitezkeen Hernani eta Urnieta artean, eta artalde itxura zutela ere aipatu da sare sozialetan.

Atzo goizean ikus zitekezkeen batzuk oraindik, baina badirudi martxari ekin diotela berriro. Izan ere, beraien migrazioan egin dute geldialdia zikoinek Hernanin, oraingo honetan. Euskal Herritik pasa ohi diren zikoinak, Herbehereetatik datoz gehienbat, Espainiako hegoaldera edo Marokora bidean, negua pasatzeko toki epelago baten bila.
 

Milaka kilometroko bidaian, ezinbesteko geldialdiak

Bidaia luzea dute zikoinek, eta ezinbestekoa dute geldialdiak egitea, tarteka. Migrazio bidean tokatu arren, gutxitan ikusi ohi da ostiraleko irudia gurean, baina bai noizbehinka. 2006an, esaterako, ia 50 zikoina agertu ziren Hernaniko parrokiaren kanpandorrean eta inguruetan atseden hartzen, urriaren 16an.

«Milaka kilometro egiten di­tuzte, eta tarteka, geldialdi­ak egin behar dituzte. Horren arrazoia izan daiteke eguraldi txarra, ekaitza edota airearen korrontea ez izatea ona, baina baita atseden hartzeko eta jateko beharra ere, noski», azaldu diote Aranzadiko Iñaki Sanz-Azkue herpetologoak eta Olatz Aizpurua ornitologoak Kronikari. «Baldintza horien arabera, ahal duten tokira jaisten dira. Joan den urtean, Iruñean geratu ziren, eta aireportuan pilatu ziren zikoina pila bat. Hirietan edo herrietan gertatzen denean, askoz ere errazago jakiten dugu, eta gehiago zabaltzen da; baina hegazti guztiek bezala, geldialdiekin egiten dute migrazioa zikoinek», diote.

Hernani ez da izan toki bakarra, oraingoan, zikoinen geraleku bilakatu dena: «Oñatin ere izan dira, behintzat; beraz, litekeena da Euskal Herriko herri gehiagotan ere izatea», dio Sanz-Azkuek.

Aranzadiko bi kideek diote, badirela toki batzuk ohikoak izan ohi direnak geraleku gisa, migrazioetan. «Baina espeziearen arabera izaten da hori», argitu dute. Gainera, espezie berean, izaten dira hegazti migratzaileak, eta baita urte osoan toki berean bizi direnak ere. Zikoinen kasuan, «Espainiako hegoaldean badira urte osoa bertan ematen dutenak, eta Nafarroako hegoaldean ere bai, lehen behintzat baziren», dio Aizpuruak.

Edonola ere, Hernanin geldialdia egiten duten zikoinak ez dira bertan geratuko, ez urte sasoi honetan behintzat: «Denek jarraituko dute bere bidea hegoaldera, negua pasatzera. Horrelakorik gertatu liteke udaberrian, gertatzekotan».

Egun gutxiko geldialdiak

Zaila da asmatzen, zein izan den zikoina talde haundi honek Hernanin geldialdia egiteko arrazoia. Baina, edozein kasutan, horrelakoak egun gutxiko geldialdiak izan ohi dira, Aranzadiko zientzialariek azaldu dutenez: «Normalean geldialdi laburrak izaten dira, betiere baldintzen arabera. Kontutan hartu behar da, eguraldi txarra denean hainbat egunez izaten dela, eta beraz, baliteke denbora gehiago egitea bertan. Eguraldia eta korronteak hobetzean, eta atseden hartu dutenean, ekiten diote berriro».

Jatekoa ere bilatu behar dute egun horietan, noski, ingurune 'ezezagunera' egokituta. «Orojaleak dira zikoinak. Garai batean, zabortegietan ibiltzen ziren asko, baina gurean ez dago zabortegi irekirik, eta beraz, ahal dutena jaten dute. Zelaietan ikusi ditzakegu janari bila, adibidez», dio Aizpuruak.

Zikoinak nondik nora mugitzen diren ikusgai, 'migrationatlas.org' atarian

Zikoina talde honen geldialdiaren harira, iaz martxan jarritako proiektu bat aipatu du Olatz Aizpuruak: «Datorren urtean, 75 urte beteko dira Aranzadi hegaztien eraztunketak egiten hasi zela, eta parte hartu dugu Europako Migrazioen Atlasean, joan den urtean martxan jarri zena». Egindako lana migrationatlas.org webgunean dago eskuragarri, eta bertan, ikusi daiteke espezie bakoitzeko hegaztiek migratzerakoan egiten duten bidea.

Edozeinek dauka webgune horretan saltseatzeko aukera. Webgunearen orrialde nagusian, aukeratu beharko dugu zein espezieren ibilbideak eta datuak ikusi nahi ditugun.

Webgune horrek ez digu esango, noski, zehazki nondik datozen Hernanira bisita egin diguten zikoinak; eta are gutxiago, noiz egingo duten hurrengo geldialdia bertan. Horretarako, tarteka zerura begiratzea izango da aukera onena. Baliteke aurten beste zikoinarik ez ikustea, baina baliteke halako beste talde haundi bat gurean geratzea ere. Garai batean ohikoagoak omen ziren zikoinen bisitak, eta parrokiako kanpandorrean kabia egin omen zuen baten batek. Ezin ezusteko bisitak aurreikusi...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!