Sagardoa, artisau azoka eta dantzarako doinuak bizigarri, Euskal Jaien errematean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 17a, 00:00

Gazte bat irripartsu atzo, Euskal jaietako antzinako jokoetan. Sagardoa edateko ez ote du inork halako pitxar haundirik erabiliko gaurkoan...

Atzoko egun haundiaren ondoren, hainbat ekintza berezirekin borobilduko dituzte aurtengo Euskal Jaiak, gaurkoan. Goizetik iluntzera izango da festa giroa Kaxkoan.

Sekulako giroa sortu zen atzo Hernanin, bereziki goizean eta eguerdian, Euskal Jaien inguruan. Makina bat herritar gerturatu ziren abeltzainen eta baserritarren azokara, antzinako jokoetara edota txakolin dastaketara; eta belarriak goxatzeko aukerarik ez zen falta izan egun osoan, musika, kantu eta bertso artean. Eta gaurko eguna ere, Euskal Jaiei errematea jarri behar diena, ez da makala izango.

Giroa piztu zuen txakolin dastaketak, eguerdi partean.
 

Artisau azokak emango dio hasiera Tilosetan, eta sagardo dastaketak pilatuko ditu denak Plazan, ondoren. Trikitixa jaialdiak edota pelota partiduek eskainiko dute entretenimendu atseginerako aukera, eguerdian.

Eta arratsaldean, dantzatu gabe geratuko denik ez da izango herrian. Kiroldegian daukate zita haurrek, Ene Kantak dantzan emanaldiarekin; eta erromeria izango dute helduek Plaza Berrin. Dantza ikuskizun batek borobilduko du eguna: Harria eskainiko dute Tilosetan.

EUSKAL JAIETAN GAUR

SAGARRAREN ETA SAGARDOAREN EGUNA

09:00, Diana

10:00, XLII. Pablo Lasa Artisau Azoka, Tilosetan

11:00, Sagardo dastaketa, Plazan

12:00, XXV. Trikitixa Jaialdia, Plazan

12:30, Pelota partiduak, Tilosetako frontoian

17:30, 'Ene Kantak dantzan' emanaldia, kiroldegian, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta

18:00, Erromeria Jeiki Hadi taldearekin, Plaza Berrin

20:00, 'Harria' dantza ikuskizuna, Mulixka dantza taldearen eta Iñaki Perurenaren eskutik, Tilosetan

Erlazionatuak

Euskal Jaiak 2023 - Larunbata

Kronika - Erredakzioa 2023 ira 17 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!