Urriaren 2an jarriko dute martxan, 2024ko Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Urriaren 2tik 20ra bitartean aurkeztu daitezke argazkiak, eta autengo gaia honakoa da: Astigarragako txoko ezkutuak.

Urtero moduan, aurten ere, Astigarragako Udalak 2024ko udal egutegiaren argazkiak hautatzeko lehiaketa jarriko du martxan. Argazkiak aurkezteko epea urriaren 2tik 20ra bitartean izango da. Argazkiak Erribera kulturgunean aurkeztu beharko dituzte pen-drive batean, edota astigarraga.kultura@gmail.com helbidera ere bidali daitezke. Parte hartzaile bakoitzak 5 argazki aurkezteko aukera izango du. 

Lehiaketako gaia, Astigarragako txoko ezkutuak izango da, «Astigarragan hain ezagunak ez diren toki, kale edota eraikinak ezagutzera emateko edo balioan jartzeko», aditzera eman du Udalak.  

Argazki lehiaketako irabazlea, 2024ko egutegiaren azalean agertuko da, eta 150 euroko erosketa bonoa jasoko du. Gainontzeko 12 finalisten argazki bakoitza, egutegiaren hilabetetako batean agertuko da, eta egileari argazkiko 80 euroko erosketa bonoa emango zaio. Azaroan, epaimahaiak, hau da, argazkigintzan aditua den batek eta kultura batzordeko kideek aukeratuko dituzte argazki finalistak, guztira 13.

 

Baldintza orokorrak

14 urtetik gorako edonork har dezake parte lehiaketan, jatorri mugarik gabe. Aipatu moduan, 5 argazki aurkeztu daitezke, gehienez, eta ondorengo formatua izango behar dute: etzanak, JPG formatuan, 5Mb eta 8 Mb bitarteko pisuarekin eta DIN-A4 neurrirako. 

Argazkiak pen-drive batean aurkez daitezke Erriberan, edota astigarraga.kultura@gmail.com helbidera idatzita. Bi modutan, egilearen datuak jasotzen dituen izenemate orria aurkeztu beharko dute; eta mezu elektronikoa jaso izanaren baieztapena bidaliko zaie parte hartzaileei, «hura jaso dela frogatzearren».

Epaimahaiak argazkien kalitatea, originaltasuna eta gai aniztasunaren arabera egingo du aukeraketa. Eta argazki lehiaketan parte hartzeak, oinarrietako baldintzak bere horretan onartzea dakar. Lan guztien erabilera eta erreprodukzio eskubidea antolatzaileena izango da,
baina argazkiaren ondoan beti egilearen izen-abizenak aipatuko dira. Argibide gehiago nahi izanez gero,  Astigarragako Erribera kulturgunearekin
harremanetan jartzeko aukera dute herritarrek: 943 33 50 64. 

Argazkiak jasoko dituen 2024ko udal egutegiari dagokionez, abenduaren 15etik aurrera Astigarragako udaletxean, Erribera kulturgunean eta Astiko merkatarien elkarteko bezeroen artean banatuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!