Gaur eskainiko du kontzertua EAn, Astigarragako Eragiyok abesbatzak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Segovian izandako kontzertuko argazkia.

Arratsaldeko 19:00etan izango da hori, EAko Eskolondon.

Astigarragako Eragiyokek gaur ekingo dio urtearen bigarren zatiari MusikEAn zikloan emango duen kontzertuarekin. Bizkaiko herrian egiten den jaialdi honek hirugarren ekitaldia izango du aurten, eta bertan arituko dira abesbatzak, bakarlariak eta musika klasikoko taldeak, sei hitzordu izango dituen edizioan. Gaur arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera kontzertuari, EAko Eskolondon. 

 

Euskal musikaz eta opera koruez osatutako emanaldia,

Eragiyok abesbatzak  iragarri du gaurko emanaldia euskal musikaz eta opera koruez osatutakoa dela: «Ander Simalen zuzendaritzapean Rigoletto, Txirula magikoa edo Marina operen pasarte famatuak emango dituzte, besteak beste, Miren Gabirondo pianistaren laguntzarekin. Euskal musikaren atalean, berriz, Sorozabal, Gonzalez Bastida, Elberdin edo Salaberriren kantu ezagunak entzun ahal izango dira. Horietaz gain, ez dira faltako hainbat musikari bizkaitarren lanak, hala nola, Juan Jose Gainza edo Maximo Moreno, eta baita Buenaventura Zapirainen Chanton Piperri operaren azken eszena eta ereserki ezaguna, 'Euskalerriko semiak gera'».

Gaurko kontzertua eta gero, Astigarragako abesbatza 'Ahober' zikloa antolatzen eta prestatzen hasiko da. Ekaineko lehen saioan Bilboko Jatorki emakumeen abesbatza hartu bazuten, oraingoan Voces Graves de Madrid talde ospetsua izango da Erribera kulturgunean arituko dena urriaren 7an. Berrogei lagun baino gehiagoz osatutako taldeak, emanaldi ugari eta hainbat sari lortu ditu nazioartean, eta beraiekin emandako kontzertua mugarri garrantzitsua izango da Eragiyoken bosgarren urteurrenaren ospakizunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!