«Poza sorrarazten dit herrian horrelako ekitaldiak antolatzeak, baina urduritasuna ere sentitzen dut»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Malen Barrenetxea, artxiboko irudian.

Hernanin jokatuko da gaur eguerdian emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketako kanporaketa. Lehiakideen artean Malen Barrenetxea hernaniarra izango da, probako aizkolari gazteena.

Zer moduz iritsi zara probaren egunera?

Fisikoki ondo nago, forman, baina urduri ere bai. Nire lehenengo txapelketa da, lehiak beti ematen dizu urduritasun puntu hori, eta lehenengoa izateak ere bai. 

Zein izan da azken asteko entrenamendu plana?

Aste hau besteak baino lasaiago hartu dut. Aurreko igandean bi erakustaldi egin behar izan nituen; beraz, aste honetan entrenamendu saio bakarra egin dut. 

Noiztik daramazu gaurko kanporaketa prestatzen?

Egia esan, ez naiz zehazki kanporaketa prestatzen aritu. Entrenamenduak ohiko modura egin ditut, eta saio horietan zein udarako erakustaldietan egindako lanarekin noa gaurko probara. Prestakuntza berezirik gabe. 

Etxean arituko zara gaur. Zer suposatzen du horrek zuretzat? 

Alde batetik poza sorrarazten dit, azkenean herrian horrelako gauzak antolatzea pozgarria delako niretzat. Baina presioa eta urduritasuna ere sentitzen ditut, alde haundia dago herrian edo herritik kanpo aritzearen artean. Jende ezagun asko izango dugu inguruan eta horrek urduritu ere egiten nau. 

Gaurko proban zein da zure helburua?

Batik bat, lan txukuna egitea, nire lana ondo egitea. Kanporaketako aizkolari gazteena naiz, eta nire lana ondo betetzen badut gustura geratuko naiz. 

Aizkolari haundiak izango dituzu inguruan. Motibatzen zaitu?

Bai, motibatzen nau, batez ere jakiteko zein mailatan nagoen denen artean. Egia da pena puntu bat ere badaukadala, ni baino zaharragoak direlako denak. Mutiletan badaude nire adineko aizkolariak, eta, egia esan, gustatuko litzaidake nesketan ere horrela izatea, nire adinekoekin aritzeko. 

Zer moduz daramazu plazako esperientzia?

Geroz eta hobeto. Gorputza ere ohitzen joaten da eta urduritasunak kudeatzen ikasi dut. 

Zer moduzkoa izan da udara?

Uste baino hobea izan da. Erakustaldi dexente atera zaizkit eta horretan ibili naiz. 

Gaurkoaz gain, beste erronkarik baduzu begibistan?

Bai. Erakustaldi batzuk lotuta dauzkat eta Gipuzkoako Txapelketan ere parte hartuko dut. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!