Asteburu honetan hasiko da Gipuzkoako Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Denboraldiko lehenengo txapelketa izango da, eta hamaika bikote aurkeztu ditu CD Hernanik.

Denboraldiko lehenengo txapelketa ate joka dute CD Hernaniko pelotariek. Gipuzkoako Txapelketa jokatzen hasiko dira asteburu honetan, eskuz binakako modalitatean. Lehenengo txapelketa honetarako hamaika talde aurkeztu ditu CD Hernanik.

Kadeteetan Joseba Arretxe eta Ekhi Oses izango dira hernaniarren ordezkariak lehenengo mailan. Amets Makatzaga, Manex Alberdi eta Oinatz Gaskon, berriz, bigarren mailan arituko dira.

Jubenilen kasuan, lau talde izango ditu Hernanik Gipuzkoako Txapelketan. Lehenengo mailan arituko dira Aimar Zabala eta Oier Azpeitia; baita Xuban Iturbe eta Ohian Legarreta ere. Bigarren mailako taldeak oraindik osatu gabe daude, baina Beñat Olazabal, Unax Pascual, Martin Alberdi eta Markel Urdangarin izango dira pelotariak.

Azkenik, seniorretan Ohorezko Mailan jokatuko dute Paul Ojuelek, Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak. Bigarren mailan ere talde bakarrak jokatuko du, Iñigo Urkizuk eta Iñigo Labakak osatutakoak, hain zuzen. Hirugarren maila izango da Hernaniko pelotari gehien izango dituena: Jon Jara eta Josu Altuna, Julen Gaztañaga eta Unai Etxarri eta Unax Manterola Julen Deskarga eta Oier Alegria.

 

Pelota eskolan izena emateko epea, zabalik

Hernaniko pelota eskolan izena emateko epea zabalik dago jada. Apuntatu nahi dutenek kiroldegiko pelotalekura joan beharko dute, astelehenetik ostiralera (17:00-19:00), eta Rufino Rekalde ordezkariarekin hitz egin. Izen ematea irailaren 30ean itxiko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!