Uda amaituta, datorren ostiralean irekiko ditu ateak Hernaniko Gaztelekuak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Ezkerrean Ixone, gainean Maialen eta eskuin aldean Esther, Hernaniko Gaztelekuko hezitzaileak.

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzen die Hernaniko Gaztelekuak: «lagunekin egoteko eta euskeraz modu aktiboan parte hartzeko». Eta uda ostean, ateak irekiko ditu berriro, kurtsoa motorrak berotuta hasteko asmotan.

Uda agurtuta, urtero moduan, ikasturte berriarekin batera, Hernaniko Gaztelekuak ateak irekiko ditu datorren ostiralean, arratsaldeko 16:30etan. Ikasturte berriarekin batera, Gaztelekuan ere aurpegi berriak daude; izan ere, aurten, bi hezitzaile berri izango ditu Gaztelekuak eta, beraz, hezitzaile taldea osatuko dute; Estherrek, Ixonek, Maialenek eta Xabatek. 

Horrenbestez, Gaztelekuko hezitzaileekin bildu da Kronika, eta aurtengo berritasunei buruz jarduteaz gain, ikasturtean zehar egingo dituzten ekintzak ere elkarbanatu dituzte. 

Aisialdia, gazteak eta doako zerbitzua

Hernaniko Gaztelekua, Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloko doako zerbitzua da. Zerbitzu honek 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei aukera eskaintzen die beraien aisialdiaz gozatzeko, lagunekin egoteko eta euskaraz, modu aktiboan parte hartzeko. Gazteleku zerbitzuak, herriko ekimen edo ekintza komunitarioetan parte hartzea sustatzen du, nerabeei iritzia eman eta beraien presentziari garrantzia ematen laguntzeko.

Hezitzaileek azaldu dute, Gaztelekuko lokalaz gain, herriko espazio publikoetan ere islatzen dela Gaztelekua: «herriko espazio publikoak erabiltzeaz gain, batzuetan, inguruko herri  edota hirutara ere joaten gara. Gazteleku zerbitzua ez baita lokalera mugatzen, Gaztelekua hezitzaileek eta gazteek osatzen dugu, edonon gaudela ere».

Helburu garrantzitsuez ere mintzatu dira Esther, Ixone eta Maialen: «zerbitzuaren xedea da hezitzaile taldea gazteen erreferentziazko helduak bilakatzea, modu horretan, gazteek epaituak sentitu gabe, beraien bizipenak, kezkak edota hausnarketak partekatzeko aukera izango dute».

 
Tratu onak, euskera, kulturartekotasuna eta gehiago, aurtengo erronkak

Hezitzaileek, urteko erronken nondik norakoak zehaztu dituzte: «gazteek euren artean harremantzeko duten modua ikusita, indarra jarri nahi diogu
tratu onak eta berdinen arteko harremanak zaintzeari. Horrez gain, gure zehar lerroetako bat euskara izanik, euskera sustatzearen
garrantzia azpimarratu nahiko genuke». Kultura eta sorkuntza ere erdigunean jarriko dituzte hezitzaileek: «Gazteen denbora librean kultur eta sorkuntza ekintzetara gerturatu nahi ditugu. Era berean, kulturartekotasuna sustatu nahi dugu. Gaztelekua 12-17 urte bitarteko nerabe guztientzat baita. Gizarte gaitasunetan trebatzea eta autonomia sustatzea ere landuko dugu; eta azkenik, nerabeak estresatuak daudela ikusi dugu azken denboraldian eta horren aurrean, ikuspegi prebentiboa izango dugu eta nerabeei bideak eskaini nahi dizkiegu estres egoerei eta autoexigentziei aurre egiteko».

Ekintza mordotan parte hartzeko aukera izango dute herriko gazteek, Gaztelekuak antolatutako ekintzekin.
 

Hilabetero, Gaztelekuko ekintza nagusiak jasotzen dituen egitaraua osatzen dute hezitzaileek eta hau, bide ezberdinetatik izango dute eskuragarri: alde batetik, fisikoki, Gaztelekuko lokalaren sarrera ondoan dagoen panelean, Gazteleku barruan, edota herrian zehar dauden beste panel batzuetan; eta bestetik, Sare Sozialetan, Instagrameko eta Twitterreko perfiletan, zein Whatsapp bidez jasotzeko aukera ere eskainiko dute.

Urriko bi ekintzetan izenematea beharrezkoa

Urrian zehar zenbait ekintza egingo dituzte Gaztelekukoek, eta horien artean, aldez aurretik izena eman behar den bi ekintza aipatu nahi izan dituzte: «alde batetik, urriaren 7rako, Txuri Urdin izotz jauregira irteera antolatu dugu, eta izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako aukera dago, irailaren 22tik urriaren 4ra arte, Gaztelekuan; eta bestetik, urriaren 21erako, Costa Jumpera irteera antolatu dugu, eta izenematea urriaren 4tik 18ra arte izango da».

Gazteek Gaztelekuko zerbitzuaz gozatu ahal izateko, izenemateaz gain, beharrezkoa da gurasoek edota tutoreen baimena izatea, izenemate orria betez. Eta ekintza hauetarako, hezitzaileek azaldu dute, 5 euroko fidantza ordaindu behar dela.

 

Gaztelekuko ordutegi zabala, gazteen aisialdirako 

Gaztelekuak, asteartetik igandera izan ohi ditu ateak irekita, eta ondorengoa da ordutegia: asteartetik ostegunera arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara; eta ostiraletik igandera, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Era berean, udaberriko oporraldietan, neguko oporraldietan eta udako oporraldian egitarau bereziak osatzen dituzte, gazteen gozamenerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!