«Lasterketan nire lana ondo egitea da helburu nagusia, barruan daukadan guztia emango dut»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Ander Amonarriz hernaniarra, Kronikarako elkarrizketan.

Euskal Selekzioak deituta, Kilometro Bertikaleko Espainiako Txapelketan arituko da Ander Amonarriz hernaniarra. Axari Trail lasterketan bigarren postua eskuratu berritan, biharko erronkan maila ona emateko gogotsu dago. 

Kirol une gozoa bizitzen ari da Ander Amonarriz hernaniarra. Pasa den astean bigarren postuan amaitu zuen Axari Trail lasterketan, sekulako maila emanda. Oraingoan Kilometro Bertikaleko Espainiako Txapelketan arituko da Euskal Selekzioarekin. Maila haundiko korrikalariekin lehiatuko du Huescan. 


Emaitza onak lortzen ari zara azkenaldian. Gogotsu biharko probarako?

Bai, sekulako gogoa daukat. Euskal Selekzioarekin joatea motibazio haundia da, eguneroko lana errazago egiten lagundu dit, eta gogoa daukat zer egingo dudan jakiteko. 

Zein da asteburuko plangintza?

Gaur bertan abiatuko gara Huescara. Bertan ibilbidearen zatiak ikusiko ditugu, eta bihar goizean izango da proba, 09:00etan.  

Ibilbideari buruzko informaziorik badaukazu?

Bai, zerbait bai. Hasieran zati nahiko estu bat dauka; beraz, hasieratik ondo kokatzea garrantzitsua izango da. Ez gara denok batera aterako, kategoriaka sailkatu gaituzte, baina estugune horretan aurrean sartzea izango da gakoetako bat. 

Zeintzuk dira kilometro bertikalaren berezitasunak?

Funtsean, 1000 metro igotzean datza. Distantziak aldakorrak dira, badaude hiru kilometroko probak, laukoak edo seikoak; baina beti igo behar dira 1000 metro. Denborak ere oso aldakorrak izaten dira proba batetik bestera, distantziaz gain ibilbidea bera ere desberdina izaten delako. 

Mailari dagokionez, zer topatuko duzu bihar? 

Selekzioko kideei dagokienez, Euskal Herriko korrikalarien artean beti izaten da maila altua, talde ona daukagula uste dut. Nire iritziz Alain Santamaría errioxarra da faboritoa, eta kataluniarrak ere oso onak izan ohi dira kilometro bertikalean, afizio haundia dute bertakoek. 

Zein da zure helburua? Baduzu zerbait buruan?

Ni nire lana ondo egitera joango naiz, barruan daukadan guztia ematera. Emaitza bat zehaztu beharko banu lehenengo hamarren artean sartzea izango litzateke. Badakit oso zaila izango dela, baina saiatuko naiz. 

Lasterketa luzeetan ere ibili ohi zara, emaitza onak lortu dituzu horietan. Zer duzu nahiago?

Beno, ez dakit. Uste dut bietan ondo aritzeko aukera badagoela. Normalean, lasterketa luzeetan ondo ibiltzen dena txukun arituko da kilometro bertikalean ere. Bietarako beharrezkoa da hanketan indarra izatea. 

Entrenamendu plana asko aldatzen duzu proba mota bat edo bestea prestatzeko?

Aste honetan ohiko modura entrenatu dut. Egia da pare bat aldiz joan naizela Txindokira entrenatzera, 'Tximista' bidea hiru aldiz edo igo nuen. Horixe izan da bertikala espezifikoki entrenatzeko hartu dudan tartea. 

Entrenamendu saio horiek egiteko taldea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe, sekulako aldea da. Taldekideen artean giro ona daukagu, lagunak gara, gazteak, eta entrenatzeko geratzen garenean askoz ere eramangarriagoa da. Gainera, maila altua daukagu taldean eta lan saio potenteak egiteko aukera daukagu elkartzen garenean. 

Zuentzat ere oraintxe hasi da denboraldia. Helbururik badaukazu?

Hurrengo astean Azkainen arituko naiz, 21 kilometroko lasterketa batean. Garrantzitsua da proba eta horixe prestatu dut. Hori pasatakoan pausoz pauso joateko asmoa daukat, baditut buruan lasterketa batzuk, baina ikusiko dugu. Abenduan atsedenaldi txiki bat egingo dut, eta hurrengo urtera begira Ereñotzuko lasterketa da gehien motibatzen nauena. Aurten ezin izan dut bertan izan, eta etxeko karrera ondo prestatu nahi dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!