Salgai daude jada Kronikaren aldeko III. Erremonte Jaialdira joateko sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Triangular formatuan jokatuko dute erremontariek.

Sarrerak Aralarren, Ikatzan, Irrintzin, Amaian eta Kronikan eskuratu daitezke. Gainera, herritarrek gonbidapenak eskuratu ahal izango dituzte bailarako zenbait udaletxetan; Kronikakideek, aldiz, Kronikan jaso dezakete gonbidapena.

Irailaren 29an izango da Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdia. Hirugarren aldiz, askotariko jarduerek girotuko dute Galarreta; erremonte partiduez gain, sortzaileen postuak, sagardo eta pintxo dastaketa eta dantza emanaldia izango baitira. 

Jaialdira joateko sarrerak eskuragarri daude jada, 12 euroren truke, bailarako zenbait gunetan; Aralarren (Hernani), Ikatzan (Astigarraga), Irrintzin (Ereñotzu), Amaian (Goizueta) eta Kronikaren bulegoan. Gonbidapenei dagokienez, hauek eskuratzeko aukera izango da bailarako lau udaletxetan; hala nola, Aranon, Ereñotzun, Astigarragan eta Goizuetan. Kronikakideek eta Dobera Euskara Elkarteko bazkideek, berriz, Kronikaren bulegoan eskuratu ahal izango dute txartela. 

Bailarako herriak ordezkatuko dituzte erremontariek

Hiru bikotek jokatuko dute aurtengo jaialdian, bailarako herri bana ordezkatuz. Bikoteak osatzea falta den arren, hauek izango dira jaialdian parte hartuko duten erremontariak: Aitor Aiestaran 'Notayo', Julen Loitegi, Oier Apezetxea, Aritz Zubiri, Ander Goikoetxea eta Urtzi Gurrutxaga. Udaran erremontariek izan dituzten txapelketen ondoren, sasoi betean iritsiko dira kirolariak. 

Triangular formatuan jokatuta, txapelketa txiki bat egingo dute hiru bikoteen artean. Denak denen kontra arituko dira, eta partidu gehien irabazten dituen bikoteak irabaziko du.  

22 sagardotegitako produktuak, Galarretan

Kirola eta gastronomia lotuko ditu aurten ere erremonte jaialdiak. Zabalik izango dira Galarretako tabernak, eta bertan Urumea bailarako 22 sagardotegitako sagardoa eta produktuak dastatzeko aukera izango da, pintxo eta guzti. Jada itxita dago zerrenda, eta ondorengo sagardotegiek parte hartuko dute: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Rufino, Petritegi, Zapiain, Zelaia eta Eula.

Ez da ikuskizunik eta sorpresarik faltako

Sorpresaz betetako arratsaldea izango da jaialdikoa. Bailarako sortzaileen postuak, musika eta dantza emanaldia izango dira Galarretan. Arratsaldeko 16:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!