«Helburua da jendea lehiaketetara etortzea kirol maila erakargarria iruditzen zaiolako»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Ibon Casas Errebeldeak Fest jaialdiaren antolatzailea, artxiboko irudian.

Datorren larunbatean ospatuko dute Errebeldeak Fest jaialdia Hernanin. Kirol inklusiboa eta Rock-a uztartzen dituen ekitaldia da, eta hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Ibon Casas da antolatzaileetako bat, eta «erakargarritasuna» bilatzeko aldaketak egin dituztela azaldu du. 

Ilusio haundiarekin hitz egiten du Ibon Casasek Errebeldeak Fest jaialdiari buruz. Kirol inklusiboa eta Rock musika elkartzen ditu jaialdiak, eta datorren larunbatean, irailaren 23an, ospatuko dute Hernanin. 

Nondik dator Errebeldeak Fest sortzeko ideia? 

Nire ustez ederra den progresio baten ondorioa da. Abesti izatetik pelikulara pasa zen, eta pelikula izatetik jaialdira. Ni musikaria naiz, eta 2011 urtean hasi nintzen proiektu sozial honekin. 'Apaga la luz y verás' abestia atera nuenean jende askok esaten zidan pelikula bat egiteko moduko abestia zela; eta, bederatzi urte beranduago, halaxe egin nuen. Pelikulan bertan aipatzen da Arrasaten egin genuen lehenengo jaialdia. Ezin izan genuen bertan jarraitu, eta Hernanira etorri ginen pasa den urtean. Horixe da jaialdiaren bilakaera. 

Aurreko edizioa bukatzean aipatu zenuten geratzeko iritsi zinetela...

Bai, halaxe da, eta indar gehiagorekin gatoz. Aurreko urtean ez bezala, aurten federazioen, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren laguntza daukagu. Alor horietan asko hazi da proiektua. 

Nola daramazue antolakuntza lana?

Alicia Figueroak kirol egokituaren Gipuzkoako Federazioa ordezkatzen du, eta nik komunikazioa eta musikaren atala koordinatzen ditut, dameTVision Kultur Elkartearen izenean. Alicia sekulako lana egiten ari da; 20 urte daramatza mundu honetan lanean, eta ekarpen haundia egiten ari da. Aurten federazio guztiak erakartzea lortu du. Ilusioz gainezka gaude aurtengo edizioarekin, uste dugu Errebeldeak Fest izan daitekela kirolari hauen denboraldiari hasiera ematen dion ekitaldia. 

Zer aldatu duzue lehengo urtetik?

Ekitaldi kopurua murriztu egin dugu, zazpitik hirura. Esperientziaren laguntzaz asko ikasi dugu, eta guztia fintzen ahalegindu gara. Horrez gain, aurreko urteko ekitaldiak erakustaldi formatuan egin genituen, eta aurten lehiaketa bilakatu dira. Uste dugu ikusleak eta jokalariak gehiago motibatzen dituela lehia testuinguruak. 

Zenbait helburu betetzen ari zarete pixkanaka. Ikusgarritasuna lortzea da guztietan zailena?

Bai, noski. Laburbilduz, gehien kostatzen dena jendea erakartzea da. Ekitaldi asko dauzkagu inguruan, eta oso abila izan behar da jendea erakarriko duen zerbait antolatzeko. Horregatik saiatu gara aurten aldaketak eta berritasunak sartzen, erakargarritasun puntu hori bilatzeko. 

Hori esanda, ez diogu inori pena eman nahi. Gustatuko litzaigukena da jendea benetan kirol ikuskizunak ikusteko gogoz etortzea, ondo jokatzen delako eta dibertigarria delako. Horixe da gakoa; gainontzean, penagatik edo jatorrak garelako etortzeak ez du balio haundirik. 

Kirol mailari dagokionez, zer ikusiko dugu datorren larunbatean?

Denetik izango da. Saiatu gara, gutxieneko orden baten barruan, ahalik eta inklusiboenak izaten. Genuine ligako partidua izango dugu aurten, Errealaren eta Athleticen artekoa, eta saiatuko gara lehenengo mailan jokatu duten jokalari ohiak ere ekartzen. Pelotan oso ondo jokatzen duen jendea daukagu, lehiaketetan aritzera ohituta dagoena, eta uste dut partidu politak izango direla. Eta saskibaloi partiduek ere oso itxura ona dute, azken boladan bultzada haundia jaso dute instituzioetatik, eta hori jokoan ere nabaritzen da. 

Musika da zure esparrua, zer diozu kontzertuei buruz?

Horixe da nire mundua, bai! Talde nagusi gisa 'Mochila 21' izango dugu. Inklusioari dagokionez, talde erreferentea da Euskal Herrian. 22 musikari dira, eta horietatik 16 Down Sindromea duten pertsonak dira. Urte asko daramatza taldeak martxan, eta musikari ezagunen babesa askotan jaso izan dute. Haiekin harremanetan jarri nintzenean esan zidaten dei pila bat jasotzen zituztela, baina urtean 8-10 kontzertu bakarrik eskaintzen zituztela, taldearen berezitasunetara egokitzeagatik. Orduan, sekulako pribilegioa iruditzen zait gure jaialdian haiekin gozatzeko aukera izatea. 

Bigarren taldea 'La bona dea' rock proiektua da. Oso musika dantzagarria egiten dute eta jendeari gustatuko zaiolakoan nago. Azkenik, 'El quinto contenedor' euskal metal taldeak itxiko du egitaraua, Andoni Ollokiegi da taldeburua, eta ikuskizun polita eskainiko dute. 

Laburbilduz, esango nuke askotarikoa dela eskaintza, eta jende desberdina erakarri dezaketela aipatutako taldeek. 

Zein azken mezu bidaliko zenieke hernaniarrei jaialdira animatu daitezen?

Esango nieke aurtengo gure leloari erreparatzeko: 'Gu, Gara, Errebeldeak!'. Hori oihuka esaten irudikatzen dut nire burua, oholtzaren gainetik. Horixe da helarazi nahi diegun ideia, errebeldeak garela, eta inklusioaren alde lanean jarraitzeko gogotsu gaudela. Niri gustatzen zait lau galdera laburren bidez argitzea egiten ari garena, begira: Zer? Kirol egokitua lantzen duen jaialdi bat. Norentzat? Herritar guztientzat orokorrean, eta inklusioarekin lotura dutenentzat bereziki. Zergatik? Jaio nintzenetik itsutzen ari naizelako. Zertarako? Mundua aldatzeko. Horixe da guztia.

 

ERREBELDEAK FEST 2023

HERNANI

IRAILAK 23

10:00 3x3 egokitutako saskibaloi txapelketa. Gurpil aulkian ezintasun fisikoan modalitate inklusiboa eta oin ezintasun intelektualean modalitate inklusiboa. Kiroldegian.

12:00 Pala egokitua. Adimen desgaitasuna duten pertsonen modalitatea. Tilosetan.

16:30 Pala egokitua. Gurpildun aulkiak dituzten pertsonen modalitatea. Tilosetan.

16:30 Errebeldeak futbol egokitua I. Saria. Reala Athleticen aurka (modalitate inklusiboa). Futbol erakustaldia gurpildun aulkian. Kiroldegian. 

20:30 Motxila 21.

22:00 La bona dea.

23:30 El quinto contenedor.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!