Hernaniko Euskal Jaietako ikurretako bat da trikitixa. Orain arte txapelketa egiten zuten igande eguerdian, baina aurtengoan jaialdia antolatu dute.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da emanaldia, Gudarien plazan. Sei bikotek osatzen dute kartela, eta 'Hernani' Musika Eskola Publikoko ikasle batzuk ere oholtzaratuko dira. Jaialdian izango diren trikitilarien artean daude Eider eta Lierni Tolosa Beldarrain (Hernani), Ianire Segurola Tolosa (Hernani), Elaia Diaz Beroz (Astigarraga), Eider Garro Iraola (Hernani) eta Araitz Elizalde Miner (Hernani).
Aurtengo kartela ondorengo trikitilariek osatzen dute: Eneko Arbeo Unanue (Azpeitia), Jon Izagirre Etxeberria (Azkoitia), Enaitz Alberdi Alkorta (Azpeitia), Julen Rueda Eizmendi (Errezil), eta Amets, Aimar eta Leizuri Bilbao Bollar (Igorre).
Bikote edo hirukote bakoitzak hiru pieza joko ditu.
Trikitixak tarte haundia izango du aurtengo egitarauan
Biharko jaialdiaz gain, presentzia haundia izango du trikitixak aurtengo Euskal Jaietan. Gaur bertan kaleetan barrena ibiliko dira musika eskolako trikitilariak, eguerdia girotzeko. Gauean, Esne Beltzaren kontzertuarekin, trikitixak ere izango du tartea, Xabi Solano ereñotzuarraren eskutik. Azkenik, igande arratsaldean ere Jaiki hadi erromeria taldea izango da Plaza Berrin.