Goizetik gauera, herritar guztiek gozatzeko modukoak izango dira Euskal Jaiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Sagardo dastaketa izan ohi da Euskal Jaietako ekitaldi arrakastatsuenetako bat.

Atzo hasi ziren Hernaniko Euskal Jaiak, 'Galestar konexioa' musika emanaldiarekin. Festa giroak jarraipena izango du gaur eta bihar; askotariko ekintzak izango dira egun osoan zehar, adin guztietako herritarrek gozatzeko modukoak. 

Atzo arratsaldean hasi ziren Hernaniko Euskal Jaiak. Galesko eta Euskal Herriko dantza eta musika nahasten dituen Galestar konexioa ikuskizunarekin jarri zen martxan aurtengo egitarau zabala. Asteburuan zehar euskal kulturarekin lotura zuzena duten jarduera ugari izango dira Hernaniko kaleetan, eta herritar guztiek izango dute festa giroan gozatzeko tartea. 

Abeltzainen eta baserritarren azokarekin hasiko da gaurko eguna. Tilosetan ikusi ahal izango dira bailarako baserritarren ganaduak eta produktuak. Arrakastatsua izan ohi da azoka, eta baserritarrek urtean zehar egiten duten lana erakustarazteko baliagarria izaten da. Gainera, goizeko 11:00etan bisita gidatua egiteko aukera izango da azokan bertan, idien erakustaldia egiten duten bitartean. 

Eguerdiko 12:00etatik aurrera pilatzen joango dira egitekoak. Bakoitzak aukeratu ahal izango du zein jarduerarekin gozatu nahi duen. Iturriaga kalean, Santa Barbara elkarteko atarian, ohiko txakolin dastaketa egingo dute. Jende ugari elkartu ohi da dastaketan, eta aurten ere zintzurra frexkatzeko aukera izango da bertan. Ordu berean abiatuko dira Plaza Berritik Kalez Kale Kantariko kideak. Kaxkoko kaleetan barrena arituko dira, musikaren laguntzarekin, kantu zaharrak abesten; eta, arratsaldean, ohiko erromeriarekin borobilduko dute eguna. 

Gaztetxoentzat 12:30etan hasiko da goizeko ekintza erakargarrienetako bat: erraldoien eta buruhaundien irteera. Dultzaineroek markatutako erritmoan, bizkarrak berotzeko asmotan aterako dira konpartsakideak. 

Bien bitartean, Emakumezko aizkolarien Euskadiko kanporaketa jokatuko dute Tilosetan. Hitzordu garrantzitsua izango da herri kirol zaleentzat, eta bailarako bi aizkolari arituko dira bertan: Malen Barrenetxea hernaniarra eta Ane Zapirain astigartarra. Haiekin batera Nerea Arruti, Oihana Fernandez de Barrena, Maria do Amparo Sousa, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo, Beatriz Tanco eta Garazi Arruti izango dira. 

 

Ekitaldi kulturalek hartuko dute lekukoa arratsaldean

Gaur arratsaldean kultur ekintzak nagusituko dira Hernanin. 18:00etan bertso jaialdia izango da Biteri Kultur Etxeko plazan. Kantuan arituko dira Amets Arzallus, Andoni Rekondo, Maider Arregi eta Nerea Elustondo bertsolariak, eta Eli Pagola arduratuko da, gaien bidez, saioa zuzentzeaz. 

Hortik aurrera, kontzertuak eta kalejirak kateatuta joango dira, bata bestearen atzetik. Arratsaldeko 19:30etan, Musika Bandaren kontzertua hasiko da udaletxeko arkupeetan. Ondoren, 20:30etan, Zuttik Elektrotxarangako kideen saioa hasiko da; ohi bezala, Kaxkoko kaleetan barrena ibiliko dira, gazteak eta ez hain gazteak atzetik dituztela. Eguna amaitzeko, gaueko 23:00etan, Esne Beltza taldeak kontzertua eskainiko du Gudarien plazan. 

Hamaika egiteko izango dira bihar ere

Festa giroan jarraitzeko aukera igande iluntzera arte luzatuko da. Txistularien dianak alaituko ditu goiztiarrenak, 09:00etan. Ondoren, XLII. Pablo Lasa Artisau Azokaz gain, sagardo dastatzea izango da Gudarien plazan. Hernaniko sagardotegi gehienek parte hartuko dute aurtengoan ere, eta jende ugari bertaratzea espero da. Goiza amaitzeko, pelota partiduak izango dira, 12:30etatik aurrera, Tilosetako frontoian. 

Egunaren bigarren zatian ikuskizunak eta emanaldiak izango dira nagusi. 17:30etan Ene Kantak taldearen kontzertua izango da Kiroldegian; 18:00etan Jaiki hadi taldearen erromeria Plaza Berrin; eta 20:00etan Harria dantza ikuskizuna Tilosetan, Mulixka dantza taldearen eta Iñaki Perurenaren eskutik.

 

EUSKAL JAIAK

HERNANI

GAUR, IRAILAK 16

10:00 Abeltzain eta baserritarren azoka, Tilosetan.
11:00 Bisita gidatua azokan barrena eta idien erakustaldia, Tilosetan.
11:00 Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak kalez kale.
11:30 Antzinako jokoak,Tilosetan.
12:00 Txakolin-dastatzea, Iturriaga kalean. 
12:00 Kalez kale kantari, Plaza Berritik hasita.
12:00 Trikitixa kaleetan barrena.
12:30 Erraldoi eta buruhandien konpartsa.
12:30 Herri kirolak. Emakumezko aizkolarien Euskadiko kanporaketa, Tilosetan.
17:00 Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate jatea, Tilosetan.
18:00 Bertso jaialdia: Amets Arzallus, Andoni Rekondo, Maider Arregi, Nerea Elustondo. Gai-jartzailea: Eli Pagola. Biterin
19:30 Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupeetan.
20:30 Zuttik elektrotxaranga, kaleetan barrena.
23:00 Esne Beltza taldearen kontzertua, Gudarien plazan

BIHAR, IRAILAK 17

09:00 Diana.
10:00 XLII. Pablo Lasa Artisau Azoka, Tilosetan.
11:00 Sagardo-dastatzea, plazan.
12:00 Trikitixa jaialdia, Gudarien plazan.
12:30 Pilota partidak, Tilosetako frontoian.
17:30 Ene kantak dantzan, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, Kiroldegian.
18:00 Erromeria Jaiki hadi taldearekin, Plaza Berrin.
20:00 Harria dantza ikuskizuna, Mulixka dantza taldea eta Iñaki Perurenaren eskutik, Tilosetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!